Astelehenean hasiko da Esan Erran irratiaren denboraldi berria

Amezti.eus 2024ko ira. 13a, 10:37

Udako oporren ondoren, irailaren 16an ekinen dio Esan Erran irratiak 2024-25eko programazioari. Egun Ero magazinaz gain, Egun Ero Kantuz, Memoriaren Txokoa eta Broma Gutxi saioak ere segituko dute aurtengo ikasturtean. Beti bezala, FMko 107.9 zenbakian edo https://amezti.eus/irratia/zuzenekoa estekan egonen da entzungai.

Astelehenetik ostegunera, goizeko 10:00etatik 11:00etara Egun Ero magazina izanen da, zuzenean. Itziar Perez Argomanizek eta Garazi Zabaleta Urkiolak gidatutako irratsaioa da, eta eskualdeko kolaboratzaileekin eta aktualitateari lotutako elkarrizketekin osatuko dute ordubeteko saioa. Eskualdeko hogei lagunetik gorak hartuko dute parte kolaborazioetan, eta hamaika gai jorratuko dituzte bertan: euskara, feminismoa, musika, ingurumena, sexologia, historia... Saioaren errepikapena eguerdiko 13:30ean eta iluntzeko 20:00etan izanen da.

Ostiraletan, iazko formatuarekin segituko dute, eta goizeko 10:00etatik 11:00etara Egun Ero Kantuz saioa eta Memoriaren Txokoa txandakatuz joanen dira. Eskualdeko gonbidatu bat ekartzen dute Egun Ero Kantuz saiora, eta, bertan, bere hamar kanta kuttunen bidez bere biografiaren errepasoa egiten dute. Memoriaren Txokoan, berriz, azken bi asteetako efemeride bat aukeratu eta sakonean lantzen dute, ordubeteko saioan. Saioon errepikapena ere eguerdiko 13:30ean eta 20:00etan izanen da.

Bukatzeko, iazko fitxaje berriak, Tipule Menierek, Broma Gutxi irratsaioarekin segituko du aurten ere. Hamabostean behin, ostegun arratsaldetan, 19:00etatik 20:00etara, hardcore eta punk binilo zaharrak eta berriak ekarri eta zuzenean jarriko ditu, musika saio horretan. Larunbatetan, iluntzeko 20:00etatik 21:00etara izanen da errepikapena.

Entzuleei eta herritarrei irratian parte hartzeko gonbidea luzatu diete langileek. Zuzenean sartzeko, 948 50 32 32 telefono zenbakira deitu behar da; eta, bestela, ahots bidezko mezuak ere bidal daitezke 689 03 30 00 zenbakira.