Urritzola-Galaingo plazaren inaugurazio festa, uztailaren 30ean

Amezti.eus 2022ko uzt. 12a, 10:31

2019 bukaeran amaitu zituzten Urritzola-Galaingo (Ultzama) erabilera anitzeko plazaren obrak, baina koronabirusaren pandemia zela eta, ezin izan zuten gune berria behar bezala inauguratu. Uztailaren 30ean eginen dute festa, egun osoko egitarau ederrarekin.

Ultzamako Udalak eta Urritzola-Galaingo Kontzejuak bultzatu zuten plaza berriaren eraikuntza, eta Cederna Garalurren 2014-2020 Tokiko Garapen Partaiderako Estrategiaren bidez finantzatu zuten proiektua.

Hauxe da Kontzejuak eta bertako herritarrek plazaren inaugurazio festarako antolatu duten egitaraua:

  • 11:00etan, txikiendako herri kirolak. Haurrek modalitate desberdinak probatzeko aukera izanen dute
  • 11:45etan, plazaren inaugurazio ofiziala
  • 12:00etan, herri kirolak. Aizkolariak, arpana, belar-sabanekin eta esne-txanbilekin lasterketa, gizon proba, motozerra erronkak... eskualdeko kirolari ugarik hartuko dute parte, eta pintxoak ere izanen dira
  • 13:30ean, Otsagabiako dantzarien ikuskizuna.
  • 14:ooetan, herri bazkaria. Txartelak uztailaren 21a baino lehen eskuratu beharko dira 690 375 183 telefonora deituz edo Urritzola-Galaingo herritarrekin harremanetan jarriz.
    • Helduen menua: entsalada mistoa + iberikoak + piper beteak + entrekota parrilan + pastelak + kafea + sagardoa, ardoa, ura eta kopa barne (30 euro)
    • Txikien menua: frijituak + hanburgesa parrilan + izozkia (10 euro)
  • 16:30ean bazkalostea Los Andusekin
  • 19:00etan pilota partidak, Buruzgain klubarekin eta Landiribar herriko pilotariaren laguntzarekin
  • 20:30ean berandutzea eta bokatada herrikoia
  • 23:00etan gaupasa Biziraun erromeriarekin
  • 03:00 DJ Urri eta Gala

Egun osoan haurrendako puzgarriak ere izanen dira plazan.