Jaiak 2019

Urritzola- Galaingo bestak, ingurukoen partaidetzarekin

IƱaki Ezkurra Osakar 2019ko abu. 26a, 10:25

Urritzola-Galaingo bestak abuztuaren 14tik 17ra ospatu ziren, giro alaian, bai herriko eta baita inguruetako partaidetza ikaragarriarekin. Hemen Iñaki Ezkurra Osakarren kronika.

Bestak asteazken arratsaldean hasi ziren ginkana batekin, jarraian haurrendako txokolatada izan zen, eta zazpietan txupinazoa bota zen. Ondoren 4 “miura” zezenekin entzierro txikia egin zen. Anitaren Bilobaken arratsaldeko emanaldiaren amaieran herriko emakumeek antolatutako eta prestatutako afari herrikoia ospatu zen, eta jarraian egunsentira arte dantzaldia. Gau hartan jende askorik hurbildu ez bazen ere, giro ederra izan zen herriko jendea oso alai zegoelako.

Ostegunean Asuncion patroiaren eguna izan zen. Mezaren ondoren Jose Angel Iragi eta Martin Garro helduei eta aurten jaiotako Uxue Oyareguiri omenaldi kuttuna eskaini zitzaien. Arratsaldean ohizko txiki eta helduen herri kirol txapelketa izan zen, ekitaldiari xamina jarri zioten proba berriekin. Ondoren, jendetza baten aurrean Mariachis internacional Dominguez taldea aritu zen. Eguna amaitzeko, eta bingoaren ondoren, plazan mokadu afaria prestatu zen.

Ostiraleko eguna usadiozko gosariarekin hasi zen: babak txerri-buztanarekin, ardi txuletak eta tirri-tarra. Bestetako trosta eta lehen kopa itzulia indarrez irauteko menu ezin hobea. Kalejira jendetsua izan zen, Julen Cobosen giropean. Bitartean, txikienek haur jokoekin plazan gozatu zuten. Gauean, tortilla eta ajoarriero lehiaketaren ondoren (Maite Cobos eta Maritxu Osacar garaileak izan ziren), afari herrikoia.

Larunbata bestetako azken eguna eta indartsuena izan zen. Galaingo eguna ospatu zen, eta eguneko ekitaldi guztiak bertan izan ziren. Zikiro jatearen ondoren, auzoko etxeetan barna kopa itzulia egin zen. Ondoren, Urritzolan, herriko gizonek prestatutako xahexki afaria izan zen. 140 petsonarendako afariaren ondoren goizaldera arte Anitaren Bilobaken dantzaldia egon zen, giro ederrean eta inguruetatik hurbildutako jende gazte eta ez hain gaztearekin.

Laburbilduz, mundu guztiarendako besta ikaragarri onak, auzolan askorekin (karpa eta beste altzarien muntaia, afarien prestaketa, tabernako txandak, herri kirola, garbiketa,…) baina denondako gozamen handiarekin. Txikiei aipamen berezia, helduei ekitaldi guztiak antolatzen lagundu baitiete, eta beraiendako antolatutako ekitaldietan gozatu baitute.

Heldu den urteko bestetarako gutxiago falta da!!!!!

Iñaki Ezkurra Osakar