Anotzibarren hasieratik agertu ziren aurreproiektuaren kontra herritarrak, eta, dagoeneko, ez omen dago proiekturik bertan. Etsainen, ordea, alde agertu ziren kontzejuan bozkatu ondoren. Baina, orain, hiru errota aurreikustetik bederatzira pasatu dira behin behineko proiektuan; 200 metrotako bederatzi errota. Oraingoan, kontrako jarrera nabarmendu da bozketan. Informazio falta salatzen dute zenbait herritarrek.Proiektuaren kontra agertu den herritar batekin bildu gara, Iosu Alfarorekin, bere etxean, mendiaren pare-parean. Ingurumen Hezkuntzan egiten du lan Alfarok.
Hasiera-hasieratik izan zarete batzuk proiektuaren kontra?
Bai, hasieran aurkeztu ziguten aurreproiektuarekin, duela urtebete, aurka egon baino, larritu egin ginen. Gero, aurreproiektu horretatik hona aldaketa handi bat egon da. Anue bailaran, eta batez ere Etsaingo herrian, eragin latza izanen du. Gaur egun, mahai gainean dagoen eta tramitatzen ari den proiektuaren eragina ezkorra eta oso larria izanen da, argi eta garbi, Etsainen eta inguruko herri batzuetan, Esteribarren adibidez. Horrek, batez ere azkeneko asteetan, aurkako jarrera areagotu egin du herritarren artean.
Hasiera batean errota gutxiago aurreikusten zirelako?
Hain zuzen ere, Etsainen gaude elkarrizketa egiten, eta leiho handiak ditugu hemen gure aurrean. Bertatik bertara ikusten diren mendi horietan, hasieran, bizpahiru errota ikusi eta entzungo genituzke. Hori zen hasierako aurreproiektua. Tartean, hilabete batzuen buruan, ez dakigu zeinek, non eta nola, beste gauza bat negoziatu edo adostu du: bizpahiru errotatik bederatzi errota erraldoi izatera pasa gara, mendi horien tamaina berekoak. Kasu batzuetan errotak mendia baino handiagoak izanen dira. Hori da uda erdian, jendea oporretan zegoen bitartean, etorri zaiguna. Informazio falta salatu nahi nuke, gainera. Izan ere, hasieran, hitz goxoekin eta diru-promesarekin etorri zen norbait, borondate onarekin ziur aski. Baina, gero, hilabeteetan, ez genuen deus argirik izan, eta bat-batean udan jaso genuen proiektu hau. Alegazioak egiteko hilabete bateko epea soilik utzi digute
Hasiera batean irailaren 20ra arte, eta ondoren urriaren 4ra arte izan duzue helegiteak aurkezteko epea.
Bai. Tramite hori garrantzitsua da, baina borroka hau ez da urriaren 4an amaitzen. Gobernuak, ziur aski, erantzuna emanen die alegazio guzti horiei. Hurrengo pausoetan herritar guztien iritzia garrantzitsua izanen da, alde eta kontra gaudenon iritzia. Modu lasai batean eztabaidatu dezakegu, ahal den neurrian, badakigulako zaila dela hori gure mendietan eta gure herrietan eragina duelako. Batzuetan berotu egiten gara, Etsainen gertatu bezala. Baina guztiok saiatu behar dugu iparra ez galtzen, guztiok ari gara honi buruz eztabaidatzen, hausnartzen, herri eta baso hauetarako eta pertsona guztiondako etorkizun hobe bat nahi dugulako, bai kontra gaudenok eta baita alde daudenak ere. Horregatik, guztion ekarpena da garrantzitsua eta eraginkorra.
"Energia berriztagarrien alde gaude, baina hau beste gauza bat da. Kasu honetan tamainak axola du, guztion natura txikitzen du"
Iritzi ezberdinak aipatu dituzu, baina kontra zaudetenok, zergatik zaudete kontra?
Ez da gai sinplea. Klima aldaketaz eta energia berriztagarriez hitz egiten da, eta gu proiektu honen aurka gaude, ez gaude energia berriztagarrien aurka, alde gaude, oso alde. Baina makroproiektu hau beste gauza bat dela pentsatzen dugu. Kasu honetan tamainak axola du. Errota hauek 200 metrokoak dira, herrietatik oso gertu daude, inguru natural batean, eta ingurumena axola baldin bazaigu, eta azkenean ingurumena klimaren atal bat da, ezin dugu klima zaintzeko ingurumena txikitu. Klima aldaketaren arazoa duela urte asko egon da mahai gainean. Duela urteak Al Gorek kaleratu zuela “Egia, deserosoa” dokumentala. Eta urte asko eman ditugu egia deseroso horretan. Bat-batean, oso eroso egon diren batzuk esnatu egin dira eta haien diru guztiarekin, presaka eta korrika, proiektu hauekin mundua salbatzera datoz. Agian, interes hauek onargarriak dira, enpresa hauek soluzioaren atal bat izan daitezke. Baina, sentsazioa da, autokontsumoa, produkzio txikia, beharrezkoa dena tokian kontsumitzea, horrek ez duela aurrera egin urte guzti hauetan. Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu bere papera bete dezala, multinazionalak ez daude soberan, baina erregulazio baten barruan, herritarron onurarako eta etorkizuna bermatuz. Proiektu honetan justu kontrakoa ikusten dugu: gure bizi-kalitatea zapaldu egiten da. Gero eta gehiago sumatzen dugu biodibertsitateari eragiten dioguna gure amets gaizto bilakatzen dela azkenean. Pandemian ikusi dugu, adibidez. Basoei eragiten dizkiegun kalteek datozen belaunaldiei eragingo diete, eta hor muga bat jarri behar da.
Instituzioak, Nafarroako Gobernua, aipatu dituzu. Zer harreman duzue haiekin?
Bilerak izan dira, eta lortu izan da udalez gain kontzejuak ere gonbidatuak izatea bilera gutxi batzuetara. Bilera horretan erabakiak edo tramiteak aurkeztu dira, maiz. Erabaki horietara iristeko pausoak ateak itxita egin dira. Nafarroako Gobernuarekin bildu gara, baina eskatu dugulako, printzipioz ez baitzegoen aurreikusita. Jarri duten aitzakia izurritearena izan da, baina gobernuak baditu tresnak biltzeko eta, nahi izanez gero, zabaldu ditzake bide horiek. Bestalde, kontzejuetan ere eztabaida sortzen ari da. Anuen herri batzuek kontzeju mailan esan dute aurka daudela: Etsainez gain, Aritzuk, Leazkuek eta Egozkuek adierazi dute aurkako jarrera. Berriz azpimarratu nahiko nuke proiektu honen aurka dela, eta ez energia berriztagarrien aurka edo klima aldaketaren aurkako neurrien kontra.
Izan ere, Etsaingo terminoan kokatuko lirateke errota horiek, baina bailara osoari eraginen diote?
Alde dagoen jendeak, ze egon bada, esaten du onurak ez liratekeela Etsainendako bakarrik izanen, bailara osorako baizik, hemen ez dagoelako enpresa askorik. Baina bai, eraikiko dituzten errota erraldoi horiek guk Etsainen entzun, ikusi eta jasango ditugu, baina ziur aski Leazkuen eta Egozkuen ere bai, eta beharbada Olagueko etxe batzuetatik eta errepidetik gatozela ikusiko ditugu. Gauean ere bai, argiak baitituzte. Sarasibarko herrian, adibide bat jartzeagatik, kableak jarriko dituzte; hasieran lurperatuta doaz, baina, berehala, bailararen azpiko zonaldera iristen direnean, kable horiek dorreekin ateratzen dituzte, eta hor basoa kendu behar dute.
"Hurrengo pausoetan herritar guztien iritzia garrantzitsua izanen da, alde eta kontra gaudenona"
Hitzaldiak egin dituzue, zer erantzun jaso duzue?
Jende asko gerturatu da, eta sentsazioa da informaziorik ez zegoela, informazio gabezi larria zegoela populazio mailan, eta administrazioan ere bai. Udalarekin izan gara eta zinegotzi batzuek esaten zuten ez zekitela zehazki zein zen proiektuaren dimentsioa. Gu prest gaude gure ikuspuntua emateko. Tramite legalak bete dira, noski, besterik ez genuen behar! Baina informazioa gutxi zabaldu da. Jendea harrituta eta larrituta sumatu dugu informazioa jaso ondoren. Biztanleak gerturatzera gonbidatu nahi ditugu, galdetzera eta informazioa behar badute guri ere eskatzera. Gauza bera alde dagoen jendeari ere, edo Sacyrri, Nafarroako Gobernuari, guztiei informazioa eskatzea nahi dugu.