Ablanedok azpimarratzen duenez, haurren hezkuntzaz hitz egitean, nahasmen handia dago azken aldian askatasuna zer den ulertzerakoan. "Heziketa librean aritua naiz ni, baita aholkulari gisa ere, eta ez nuke esanen libre izateak esan nahi duenik umeari besterik gabe bere hizkuntza-hautua egiten uztea", azaldu du. Izan ere, gaur egun bizi dugun diglosi egoerak gazteleraz hitz egitera bultzatuko du haurra, eta beraz, ez litzateke benetako hautu librea izanen, adituaren ustez.
Helduen paperari dagokionez, haurraren adinaren arabera aldatzen doala azpimarratu du adituak. "Bizitzaren hasieran, haurrak hizkuntzarekin lehen kontaktua duenean, modu naturalean egitea komeni da, azalpenik eman gabe. Ni Alemaniara banoa eta seme-alabak baditut, ezer gutxi azaldu beharko zaio, Alemanian gaude eta alemanez egiten da hemen. Listo", dio. Euskararekin berdin egitea gomendatzen du, alegia, muga argiak jartzea. Baina, haurra hazten doan heinean, eta bereziki nerabezaroan, ezinbestekoa da hizkuntzarena hautu politiko eta ideologikoa dela azaltzea. "Adin horretan bai, oso garrantzitsua da euskararen egoera azaltzea eta ideologia puntua ere sartzea, bestela, gaztelera eta euskara, bi hizkuntzak maila berean tratatzen baditugu, argi dago gaztelerara joko duela", gaineratu du.
Etxean, komunitatean nahiz hezkuntzan, hutsunea
Hain zuzen, azken urteetan hezkuntza arautuan hutsune hori egon dela uste du Ablanedok, politikoki zuzenak izatearen izenean gauza batzuk esatea kosta egiten dela. "Ahulezia ideologiko terminoa aipatzen dut askotan, uste baitut euskaldunok ahaldunduta egon behar genukeela ideologikoki, euskararen hautua egiteko ideologizazio bat ezinbestekoa delako, bestela gazteek ez dutelako inolako motibaziorik euskaraz egiteko", dio.
Feminismoaren gaiarekin egin bezala, euskararen gaia ere politizatzea eta ikasgeletan horrela lantzea garrantzitsua dela dio hezitzaileak. "Ziria sartu digute, esanez euskarak ez duela politika behar, baina, hain zuzen, horixe da behar duena: politika. Denean baitago politika, jaten dugunean, janzten dugunean, eta eskola oso politizatzailea da zentzu askotan", gaineratu du. Beraz, feminismoaren kasuan bezalaxe, zapalkuntza bat gertatzen denean eskolak zapalkuntza hori azaldu eta errealitate hori erakutsi behar du, ikerlariaren ustez. "Kontzientziak astindu beharra ditugu, nahiko lokartuak baikaude. Ni txikia nintzenean aipatu dudan diskurtso ideologikoa ohikoa zen ikastoletan. Bada, berreskuratu beharra dugu", gehitu du.