Seiren arteko herri kirol apustua, Alkozko bestetan

Amezti.eus 2026ko abuztuaren 26a

Ostiralean hasiko dira bestak, astelehenera arte. Herri kirol apustu berezia, igandean izanen da. Sei kirolari elkartu eta bikoteka lehiatuko dira.

Herri Kirol apustu berezia antolatu nahi izan dute Alkozko bestetan. Bikoteka lehiatuko dira sei parte hartzaileak, abuztuaren 30ean, igandearekin, 18:00etan. Bikoteak, hauek izanen dira: Aritz Olague eta Julen Sarasa; Orein Mondragon eta Asier Ezkurra; Xabi Altuna eta Lander Landiribar.

Apustu berri honen txinparta Zenotzen sortu zen, hain zuzen Aritz Olague eta Orein Mondragonen arteko apustuaren ondoren. Alkoztik proposamena ailegatu zitzaion Olagueri, Mondragonen kontrako errebantxa egiteko. Baina Zenozko bestetako apustutik oso gertu zegoela iruditu zitzaien eta beste zerbait egitea pentsatu zuten. Suarbeko Xabi Altunak kontatu digu: "Entrenamendu batean apustua eginen dugunetako bost topatu ginen eta bikoteka egitea bururatu zitzaigun. Seigarren bat bilatu beharra genuen eta Lander etorri zitzaigun burura. Berehala baietz esan zigun".

Lanak ere egun batean lotu zituzten: "Herri kiroletako kirol gehienak izanen dira". Hau da, lokotxak, txingak, trontza, ingudea, zakua eta aizkora. Garrantzitsuena ordea, helburua da; eta hori, jakina, ongi pasatzea da: "Apustua afari batengatik besterik ez da izanen, galtzen duenak seiren afaria ordaindu beharko du eta listo". 

Bestetako beste berritasun bat: Kantuzorrak

Herri kirol apustua berria da egitarauan, baina ez da bakarra. Jakin berr dugunez, Kantuzorrak abesbatza sortu dute herriko 20 emakumek. Bestetan lehenengo aldiz, ostiralean, abuztuaren 28an, 20:00etan kantatuko dute.

Alkozko bestak, abuztuaren 28tik 31ra

Apustua Alkozko besten egitarauan berrikuntza izanen da. Baina ostiraletik astelehenera bitartean ekimenez beterik egonen da egitarau hori. 13:00etan jaurtiko dute txupinazoa eta kantu zaharrak eta umeendako jokuak nabarmenduko dira lehenengo egunean, herri afariarekin eta gaueko musikarekin batera. Ondoren, gainontzeko egunetan, bazkariak, txaranga, DJ-ak, antzerkia edo musa aurkituko ditugu, besteak beste. Baina hemen duzue osorik: