Jaibusa antolatu nahi dute Ultzaman

Amezti.eus 2026ko apirilaren 9a

Udalak eskualdeko gazteak zenbait jaietara eraman eta ekarriko dituen autobusa antolatu nahi du eta bilera deitu du norabide horretan urratsak emateko. Bihar izanen da, apirilaren 10ean, gizarte etxean, Larraintzarren.

Hasieran data gutxi batzuetan jarri nahiko lukete martxan, proba moduan eta beharra neurtzeko. Interesa dagoen ikusteko eta data horiek zehazteko, bilera deitu du, bihar, apirilaren 10ean, Larraintzarko Gizarte Etxean, 18:00etan. Zein jaietara joan eta etorri nahiko lukete jakin nahi da bileran, baina, gainera, gazteak etxera modu seguruan ekarriko dituen autobusak arduradunak ere behar ditu, eta ardura hori hartzeko prest egonen liratekeen jakin nahi dute udal ordezkariek. 

Bi etxebizitza publiko Auzan

Bestetik, Ultzamako Udalak Auzan kokatutako bi eraikin erosi ditu 128.500 euroren truke, etxebizitzak sortzeko helburuarekin. Udala plangintza lantzen ari da, eta hainbat aukera tekniko aztertzen ari da, hala nola finantzaketakoak. 2026ko aurrekontuetan 30.000 euroko partida bat sortu da eraikinetako baterako proiektua idazteko eta obra zuzentzeko. Aurreikusita dago eraikin hori alokairu-erregimeneko etxebizitza publikoetara bideratzea. Proiektu honen inguruko informazioa emateko ere aprobetxatu nahi du biharko bilera.