Olaibar, Odieta, Anue eta Esteribarko parke eolikoaren proiektua, bertan behera

Amezti.eus 2025ko urr. 31a, 11:36

Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Zuzendaritzak atzera bota du Anue, Odieta, Esteribar eta Olaibarren aurreikusitako parke eolikoa, ingurumenean izango lukeen eraginagatik. 

Zazpi aereosorgailuko proiektua zen eraiki nahi zuen Enigma Green Power enpresak inguru menditsuan, baina ingurumen inpaktuaren estudioak argi gorria jarri dio egitasmoari.Hain zuzen, eraikuntzak eragingo lukeen kaltea dela eta bota dute atzera proiektua, batez ere babes maila berezia duten espezie katalogatuen babesari begira. 

Duela urte batzuk inguru berean beste proiektu eoliko bat abiatzeko saiakera egin zuen Sacyr enpresak, baina kasu hartan ere atzera bota zuen egitasmoa Ingurumen Zuzendaritzak. Haize Berriak plataforman elkartu dira azken hilabeteotan kaltetuak izango liratekeen eskualdeetako herritarrak, proiektuaren aurka egiteko.