Elkarrizketa

Makroproiektu eoliko berria, Anue eta Odieta inguruan

Amezti.eus 2025ko mai. 13a, 11:00

Odietan, Olaibarren, Anuen eta Esteribarren makroproiektu eolikoa jarri nahi du Enigma Green Power enpresak. Guztira, zazpi aerosorgailu izanen lirateke, ia 200 metroko altuerakoak. Herritar asko proiektuaren aurka azaldu dira, eta Haize Berriak plataforma berrabiarazi dute. Iosu Alfaro etsaindarrak eman dizkigu xehetasunak.

Etsaindarrak azaldu duenez, errota bakoitza parke eoliko propio gisa aurkeztu dute, proiektu desberdinak balira bezala, enpresa bera egon arren atzean. "Modu horretan, nolabait, inpaktuak zatikatu egiten dituzte", azaldu du etsaindarrak. Ingurumenean eta hegazti migrazioetan proiektuak eraginen lituzkeen kalteak gogorarazi ditu Alfarok, baina baita landa inguruko herrietako jardueretan eta bizimoduan ekarriko lituzkeen arazoak ere. Gaineratu du, herritarren interesei baino, enpresa handien irabazi asmoari erantzuten diotela modu honetako proiektuek.

80 herritar inguru elkartu ziren larunbatean Enderitzen proiektuaren aurka Haize Berriak plataformak egindako agerraldian, eta hurrengo asteetan ekimen gehiago eginen dituztela iragarri dute. Alegazioak aurkezteko epea ekainaren 11n bukatuko da, eta kontzeju eta udalak horretara bultzatu nahi dituzte plataformatik. Bestetik, ostiral honetan bilera irekia deitu dute Etsainen, 19:00etan.