Ibai Fernandez, BDZko kidea

"Kaleetan Palestinaren alde presioa egiteko helburuarekin abiatu da Ibaitik Itsasora martxa"

Amezti.eus 2025ko ira. 13a, 11:00

Astelehenean, irailaren 15ean, Palestinaren aldeko 'Ibaitik Itsasora' martxa pasatuko da Ultzamatik, eta egun osoko egitaraua antolatu dute bertan. Iker Fernandez aizaroztarra BDZ kolektiboko kide da, eta elkartasun ekimenaren inguruan elkarrizketa egin diogu. Herritarrei ekimenean parte hartzeko dei egin die. Eskualdeko egitaraua beste artikulu honetan ikus dezakezue.  

Noiz eta nondik sortu zen Ibaitik Itsasora ekimena antolatzeko ideia? 

Zaila da zehazki noiz hasi zen kokatzea, baina esanen nuke sei hilabete baino gehiago direla honekin bueltaka hasi ginenetik. BDZko partaideetako baten ideia izan zen, horrela hasi zen dena pixkanaka gauzatzen .

Zeintzuk dira martxaren helburuak? 

Hiru helburu nagusi ditu martxak: batetik, elkartasuna erakustea. Badakigu Gazan eta Palestinan dauden herritarrei iristen zaiela horrelako ekintzen berri, eta horrek indarra eta bultzada ematen dietela. Zati hori garrantzitsua da guretzat. 

Bestetik, kaleak bero mantentzea ere bada helburuetako bat, alegia, jendeari kalera ateratzeko aukera ematea eta presioa kaleetan mantentzeko aukera. Azken batean, gobernuei eta erakundeei Behin eta berriz erakusten ari gara jendea, herri xumea, non dagoen kokatua. Badirudi distantzia handia dagoela klase politikoaren eta gizartearen artean, eta, nolabait, pultso horren zati bat kalean egotea garrantzitsua da. 

Eta, hirugarren helburua, Israelgo estatuarekin konplizitatea duten erakunde eta enpresak salatzea da. Izan ere, Euskal Herriko enpresa garrantzitsu batzuetatik pasatuko da martxa, esaterako, Iruñean MTorres arma fabrikatik pasatu zen, Hendaian hango Carrefour saltoki handiaren alboan kontzentrazioa eginen da, Osasunbideako bulegoetatik ere pasatuko da Israelgo farmazeutikekin duten harremana salatzeko…

Izan ere, askotan entzun dugu Palestinako sarraskia hemen hasten dela, ezta?

Hori da, eta azkenean Palestinan gertatzen ari dena munduko beste leku batzuetan gertatzen ari denetik ez da oso oso desberdina. Desberdintasun nabarmena da oso agerian ari dela gertatzen, genozidio argitaratu eta publikoa dela, eta Europako eta gure inguruko potentziak zuzenean sartuta daudela. Nolabait, guk ezagutu ditugun nazioarteko akordio guztiak zapuzten eta bertan behera uzten ari dira. Lehen, sinesten genuen, nolabait, horiek ziurrak zirela, baina gertatzen ari denarekin akordio guztiak bertan behera gelditu direla ikusten ari gara, eta honek gizarte zatarrago baterako ateak irekitzen ditu. Noski Palestinaren alde borroka egin behar dela, baina ez da hori bakarrik, zer nolako mundua egin nahi dugun, hori ere kolokan dago. 

Nola antolatu zarete eskualdeko etapa eta eguna antolatzeko? 

Bilera irekia egin zen ekimena antolatzeko, eta erantzun oso ona izan zuen deialdiak, jende asko agertu zen lagundu nahian. Azkenean, jendeak amorrua eta mina sentitzen du, eta hori adierazteko aukerak nahi ditu. Aukera horiek sortzen direnean, normalean, erantzuna oso ona izaten ari da. Ez da oso Zaila izan jendea mugiaraztea. 

Zer esanen zeniokete Ultzamaldeko herritarrei asteleheneko ekimenei eta deialdiei begira? 

Mugitzeko eta parte hartzeko. Azkenean, badirudi herri txikietan ezin dugula ezer egin, beti hirietara joan beharra garela salaketak eta manifestaldiak egitera. Baina, egunerokotasunean, herri txikietan lan handia dago egiteko, denok dugu honetan presioa egiteko aukera, eta horretarako, kalera atera beharra dago. Bestalde, gainera, egun polita izanen dela uste dut: hitzaldiak egonen dira, zuzeneko musika saioak ere bai Mexikortxorekin eta Pettirekin, ikuskizuna izanen da, herri bazkaria…