Ibaitik Itsasora, Palestinaren aldeko martxa, bihar hasi eta astelehenean iritsiko da gurera

Amezti.eus 2025ko ira. 9a, 16:39

Irailaren 5ean pankarta tailerra egin zuten Aizarozko Luzia Goñi Kultur Etxean

Tuteratik abiatuko da bihar, irailaren 10ean, eta seigarren etapa Larraintzarren amaituko da, astelehenean, irailaren 15ean. Hainbat herritarrek parte hartu dute tokiko batzordean eta ekimen mordoa prestatu dituzte gure eskualdean. Larraintzarko Bentan izanen den bazkarirako txartelak bihar arte erosi daitezke.

Ibilaldiak osotara hamaika etapa ditu, bihar, irailaren 10ean, hasiko baita Tuteran eta 20an Hendaian bukatu. Ekimenetik azaldu zutenez, "Ebro ibaitik Tuteran Hendaiarainoko ibilaldia Euskal Herria eta Palestinaren arteko elkartasunaren adierazgarri da. Eta bere herriak Palestinako lurralde historikoan ibaitik itsaoraino askatasunez, berdintasunez eta justiziaz gozatzeko duen bidezko nahia aldarrikatzen du".Ekimenak bi helburu ditu. Alde batetik, EHko lurralde osoko herrietan kausa palestinarrari laguntzeko sare handia ikusaraztea eta aktibatzea; bigarren helburua, okupazioarekin eta genozidio sionistarekin kolaboratzen duten EHko enpresak eta erakundeak salatzea eta ikusaraztea. 

Astelehenean, irailaren 15ean, Berriosusotik aterako da seigarren etapa, 8:00etan, Larraintzarren amaituko den etapa. Osorik egin nahi duenarendako, 16. Villavesaren azken paradatik aterako da. Larraintzarrera 14:00etan aurreikusten da iritsiko dela eta parte-hartzaileei harrera eginen zaie Zentro Zibikoan. Aurretik, Ataburun eta Gelbentzun eginen dira atsedenaldiak eta martxan ari direnei ura eta jana emanen zaie. Ataburun Atezko Udalak jarriko du otamena. 

Izan ere, eskualdeko hainbat udalek elkartasuna adierazi nahi izan dute eta ekimena babestu, Atezkoak edo Ultzamakoak, adibidez. Larraintzarren, Ultzamako Udalak frontoia zabalduko du ibilaldian parte hartzen dutenek lo egiteko erabili dezaten. 

Baina etapa amaierako ekimenak prestatzen herritar talde bat ibili da. Harrera ondoren, bazkaria antolatu dute Larraintzarko Bentan eta txartelak salgai daude Gizarte Etxean bertan, 15 euroren truke. Baina, adi! Bihar da haiek eskuratzeko azken eguna. Ondoren, Petti eta Mexikortxoren kontzertuak, Dabke klaseak eta poesia irakurketa izanen dira.

Larraintzartik Iruñera itzultzeko autobusa izanen da 16:22an eta 20:22an. Baina hurrengo egunean jarraitu nahi duenak aukera du, esan bezala, frontoian lotan gelditzeko.

Seigarren etapak 17 kilometro ditu eta lauzpabost ordu iraungo ditu. Hurrengoa, irailaren 16an, asteartearekin, Eltzaburutik aterako da Donezteberaino, mendikoa izanen den bakarra, eta Mendi Federazioaren laguntzarekin autobusak jarri dituzte Iruñetik Eltzabururaino.

Informazio guztia: https://ibaitikitsasora.org/