Etapa bakoitzeko tokiko batzorde bat izanen da, baita Ultzaman ere, eta bihar deitu dute lehenengo bilera, 19:00etan, Larraintzarko Bentan. Antolatzen lagundu nahi duen herritar guztiak animatzen dituzte agertzera.
Ibaitik Itsasora - Palestinaren Aldeko Ibilaldia ekimena azaltzeko prentsa agerraldia egin dute Iruñean, gaur. Martxa Tuteratik Hendaiara izanen da irailaren 10etik 20ra bitartean; eta, gure eskualdetik ere pasako da; izan ere, seigarren etapa Antsoainetik Larraintzarrera eginen dute, irailaren 15ean. 19 kilometro dira eta bost orduko ibilaldia. Hurrengo egunean, Larraintzartik Doneztebera eginen da, ibilaldiaren mendiko etapa bakarrean; horregatik, etapa horri ekiteko bakarrik, antolatzaileek autobusak jarriko dituzte Eltzaburura. Zazpigarren etapa hori 26,9 kilometro ditu eta sei ordutan egitea aurreikusten dute.
Baina ibilaldiak osotara hamaika etapa ditu, irailaren 10ean hasiko baita Tuteran eta 20an Hendaian bukatu. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, "Ebro ibaitik Tuteran Hendaiarainoko ibilaldia Euskal Herria eta Palestinaren arteko elkartasunaren adierazgarri da. Eta bere herriak Palestinako lurralde historikoan ibaitik itsaoraino askatasunez, berdintasunez eta justiziaz gozatzeko duen bidezko nahia aldarrikatzen du". Prentsaurrekoan izan dira ekimena antolatzen lagunduko duten hainbat ultzamar eta baita Ultzamako Udaleko hainbat ordezkari.
Ekimenak bi helburu ditu. Alde batetik, EHko lurralde osoko herrietan kausa palestinarrari laguntzeko sare handia ikusaraztea eta aktibatzea; horretarako, tokiko batzorde bakoitzak herritarren parte-hartzea sustatuko du, eta Palestinako kausarekin elkartasuna adierazteko jarduera soziokulturalak antolatuko ditu bere zonaldean. Horiek gurean antolatzen hasteko, bihar, Larraintzarren izanen da Ultzamaldeko tokiko batzordearen lehenengo bilera, 19:00etan; bigarren helburua, okupazioarekin eta genozidio sionistarekin kolaboratzen duten EHko enpresak eta erakundeak salatzea eta ikusaraztea.
Prentsa agerraldian Nafarroan aritzen diren enpresa eta erakunde horietako batzuk aipatu dituzte. Ibilbideak horietako batzuen ondoan pasako baita. Hala nola, Bardeako gune militarra, non Israelgo armadarekin elkarlanean dihardute NATOko aireko indarrek; CAFek, Beasainen edo Irunen bezala, Castejonen eta Artikan lantegiak eta bulegoak baitituzte; MTorres fabrika, Israelgo armadari teknologia saltzen dion enpresa; Osasunbidearen egoitza, Nafarroako erakunde publikoak TEVA enpresa israeldarrari sendagaiak erosten dizkio; Zara, lurralde okupatuetan inbertitzen eta sionismoarekin kolaboratzen duen multinazional espainiarra; eta Carrefour, Frantziako multinazionala, legez kanpoko kolonietan negozioak egiten dituena eta Gazan genozidioa aurrera eramaten ari diren soldaduei janaria oparitzen diena.
Ibilaldia:
1. Tutera- Castejon. Irailaren 10ean, asteazkena. Tuteratik atera, Ebro ibaitik eta Salaketa eginen da Trenasa Castejonen. 16 km, 4 ordu.
2. Castejon- Azkoien. Irailaren 11n, osteguna. 22km, 5 ordu.
3. Azkoien- Tafalla. Irailaren 12an, ostirala. 26km, 6 ordu.
4. Tafalla- Soltxaga (Baldorba). Irailaren 13an, larunbata. 14km, 4 ordu.
5. M.Torres (Elorz)- Noain- Iruñea- Antsoain. Irailaren 14a, igandea. 20km, 4 ordu. Manifestazio handia Iruñeko kaleetan zehar. Bazkaria eta egitaraua Antsoainen.
6. Antsoain- Larraintzar. Irailaren 15a, astelehena. 19km, 5 ordu.
7. Larraintzar- Doneztebe. Irailaren 16a, asteartea. Mendi martxa. 26,9km, 6 ordu.
8. Doneztebe- Elizondo. Irailaren 17a, asteazkena. 14km, 3 ordu.
9. Elizondo- Bera. Irailaren 18a, osteguna.
10. Bera- Irun. Irailaren 19a, ostirala. 20km, 4 ordu.
11. Irun- Hendaia. Irailaren 20a, larunbata. 5km, 2 ordu. Itsasora iristeko, azken manifestazioa.