Ultzamaldea Nafarroako Txapelduna lehenengo konbinatuan, herriz herrikoan

Amezti.eus 2025ko abu. 20a, 10:41

Ultzamaldeko Herri Kirol taldea Nafarroako txapelduna izan zen Herriz Herrikoan, lehenengo proba konbinatuan. Burlatan jokatu zen atzo. 

Proba lau ariketek osatzen zuten: lokotxak, zakua, aizkora, korrika eta trontza; eta, 20'59''12ko denborarekin, azkarrenak izan ziren Ultzamaldekoak. Horrela, txapeldunak izan dira lehenengo konbinatuan Burlatan amaitu zen Herriz Herriko finalean. Arraioz (21'26''07), Berriozar (22'34''88) eta Basaburua (Baztangoa) (24'00''06) utzi zituzten atzean sailkapenean. 

Ultzamaldeko taldea, gainera, bigarren konbinatuaren finalean ere lehiatu zen, baina hirugarren postua lortu zuten. Taldekideek pozik azaldu zaizkigu egindako lanarekin, hala ere. Etxarri Aranatz izan zen irabazlea; bigarrena, Txantrea; eta, laugarrena eta azkena, Arraioz.

Maika Iraizoz, errekorreko emakumea

Ultzamarrak bigarren konbinatuan parte hartu zuen eta errekorreko denbora egin zuen ingudean. 64 kolpe eman zituen 60 segundotan eta herriz herriko urteetako emakumeen errekor absolutua egin zuen. Maika Iraizoz: "Bai, Federazioak horrela aitortu zidan. Herriz herrikoa egiteko eredua aldatu zen eta uste dut aldatu zenetik errekor absolutua izan dela emakumeetan. Larraintzarko finalean txingak egin behar nituen, baina ingudea egin behar zuen kidea ezin izan zen etorri eta, orduan, nik egin nuen". Ez zen erabaki txarra, izan ere, San Ferminetako txapelketan bigarrena izan zen 90 segundotan 86 kolpe emanda, eta herriz herrikoan, Larraintzarren, lehenengo errekorra: "Larraintzarren finalaren kolpe kopuru berbera egin nuen, baina esan nuen, tira, ziur aski etxean jasotako animoengatik izanen da. Baina, ez, Burlatan marka errepikatu nuen. Ez nuen espero kolpe kopuru hori egitea, eta ez nekien errekorra zenik ere, beraz, oso-oso pozik". 

Maika Iraizoz 'zerrajera' eltzaburuarra San Ferminetan, harria altxatzen

Txapelketa uztailaren 19an hasi zen, Beran. Hurrengo norgehiagokak Elizondon eta Antsoainen izan ziren uztailaren 25ean eta abuztuaren 2an. Ondoren, azkenaurrekoa, gure eskualdean, Larraintzarren, izan zen, hain zuzen ere finalerako txartelak banatu zituen saioa eta Ultzama Frontoia bete zen.