Larunbat arratsaldean herritar batek ohartarazi zuen amuarraiak hilik agertzen ari zirela kilometro erdiko gune batean, Iraizotzen. Udalak Basozaintza zerbitzua deitu zuen eta amuarrai eta ur laginak hartu ziren aztertzeko. Orain Foruzaingoaren eskuetan dago ikerketa, baina udalari adierazi diotenez, ez dute jakin zein den isuriaren jatorria.
Ez da horrelakorik gertatzen den lehen aldia. Esate baterako, 2020ko urrian ere hamarnaka amuarrai agertu ziren hilik, isuri baten ondorioz. Orduan, Latasan (Odietan) agertu ziren, Ultzama ibaian. Gainera, ibaiak pairatzen dituen kutsadurak behin eta berriz salatu dituzte hainbat herritarrek eta Ultzama Ibaia plataformak. Pasa den urrian, adibidez, astebeteko epean bi aldiz salatu zuten Latasan dagoen ur-kalitatea neurtzeko gailuak kutsadura kantitate handia zeramala, mindak eraginda.