Nondik nora sortu da herri kirol aposturen ideia?
Ultzamako Herri Kirol taldekoak gara biok, eta kuadrilen egunean aritzen gara urtero. Iaz, gainera, herriz herriko txapelketan aritzeko herri kirol taldea atera genuen, eta badakizu nola garen euskaldunak, hor hasi ginen elkarri zirikatzen, 'ezeztz apostu hau egin!'. Iazko Sanferminetan izan zen, biak baiezkoa eman eta data jarri genuen.
Lehenenagotik egin izan duzue horrelakorik, edo lehendabiziko aldia da?
Lagunekin gaztetan egiten genituen apostutxoak eta horrelako probak, baina modu honetan, serioago, lehendabiziko aldia da bientzat.
Aipatu duzunez, herri kirolekin bazenuten harremana aurretik, ezta?
Bai, esan bezala kuadrilen egunerako hasi ginen, txingak egiten genituen eta Nafarroako Txapelketan ere parte hartu dugu. Taldearekin herriz herriko txapelketan ari gara. Aizkoraren kasuan, ez genekien ongi, eta iaz ikasi genuen Kañamarestarrekin. Aizkolarientzako aizkorekin lehendabizikoz aritu ginen, teknika ikasten. Izan ere, herri kiroletako aizkorak ez dira etxekoak bezalakoak.
Jakin al daiteke zer apostatu duzuen?
Ohorea, eta ez da gutxi! (barreak)
Apostuak gaizki ikusiak ere egon dira urteetan, baina, pentsatzen dut zuen kasuan lehia osasuntsua izanen dela, ezta?
Bai bai, lagun arteko lehia da. Esaterako, biak batera aritu gara aizkora ikasten, eta ni txingetan aritzen naizenez gehiago kontrolatzen dut, eta kontatu dizkiot zenbait trikimailu. Gero, egia da apostuaren egunean dena emanen dugula eta ez diogula besteari irabazten utziko, baina lehia oso sanoa da. Garai batean, baserria jokatzen zutenean, ezin zuen horrela izan, baina gaur egun eta gure artean bai.
Azaldu apostuan egin beharko dituzuen lanak.
Txingekin hasiko gara, 50 kilo esku bakoitzean, eta hamar plaza egin beharko ditugu, 28 metro dira plaza bakoitza. Hori Zenozko frontoian izanen da. Ondoren, Arañotzera igoko gara lasterka, bi kilometro dira eta 300 metroko desnibela dago. Handik plazara buelta eginen dugu, eta bukatzeko aizkoran kanaerdiko bat ebakiko dugu.
Nola ari zarete prestatzen?
Egunen batean elkarrekin aritu gara, batez ere aizkora egiteko, baina azken egunotan bakarka ari gara, bakoitza bere aldetik. Herri kirol taldearekin ostegunetan elkartzen gara, eta hor nik txingak egiten ditut. Gero, etxean ere probatu dut txingak, lasterka eta aizkora konbinatzea.
Herritarrak apostua ikustera animatzeko, zer esanen zenieke?
Uste dut erronka berdindua eta ikusteko polita izanen dela, eta gainera eskualdeko jendea izanda, ikusgarria. Ea jendea animatzen den. Eta, esaten denez, apostu batetik beti beste bat ateratzen da, beraz, norbaitek joan nahi badu, hor egonen gara!