ETA. Asko izan dira: lehenik, ETA soil-soilik, geroago ETA berri eta ETA zaharra, ondoren ETA (pm) eta ETA (m). Hor ageri zaizkigu, erakunde diferenteak, baina gehiago ere luza liteke zerrenda: adibidez, ETA (m) deitutakoan, urte diferenteak, buru diferenteak, estrategia diferenteak izan dira, ia-ia erakunde desberdinak bihurtzeraino. Hori uste izan du jende askok.
Gure alderdian ere ekintzak egin zituen ETAk, bonbak ezarri eta beste hainbat. Gure alderdian bada kartzelan urte anitzez egondako etakide franko, baita hilak ere, ETAko hila. Eta ETAk bonbaz edo tiroz hilak ere bai. Denetarik izan da. Eta baita “suizidatuak” ere.
Bizitzan aurrera goaz, urteak bata besteren atzetik, lerroa luzatzen, eta agian, gauzak lausotzen ere ari zaizkigu. Eta badira 14 urte ETAk bere jarduera utzi zuela. Eta urte batzuen ondoren behin-betiko desagertu zela bukatua zegoena. Eta gehiago oraindik, egia esan behar badugu, 22 urte ere pasa dira, zeren 2001-2010. arteko urteak, ekintza gutxikoak izan baitziren, ekintzez baino propagandaz beteagoak, benetan urte arraroak. Niretzat behinik behin.
Urteak badoaz, gure oroimena lausotzen ari da. Gazteagoek entzun bai, baina beharbada, askorik ez dakite. Eta hortaz gure oroimena freskatzeko eta gazteagoei pasatzeko zerbait egin beharra dago. Onerako eta txarrerako, gure historiaren parte dira urte gogor baina itxaropentsu haiek. Eta gauza batzuk bederen argi izatea komeni zaigu. Gertatutako historia da.
Eta Abertzale batek edo hobeki oraindik, euskaldun-abertzale batek kontatua baldin bada, mila aldiz hobe, historia asko idatzi baita edo baitute patriota espainolek: “Historia”, erreportaje “egiazkoak” eta milaka artikulu eta kontu. Benetako historia gutxi, propaganda asko eta zaborra tonaka. Adibide bat ematearren, hor dugu, gehienik irakurri den Aranburu idazlearen Patria izeneko nobela. Egia esan, nik ez dut irakurri, nobelak eta kontakizunak irakurtzekotan nahiago izan baitut euskal idazleenak irakur: Muñoz, Saizarbitoria... Eta ez ziren Ezker Abertzalekoak hain zuzen, baina bai euskaldunak eta herri honi emanak. Hemen nork idatzi duen jakitea kapitala da jakiteko noren alde eta zeren alde izanen den ia-ia ziurtatzeko. Eta nik etxekoak nahiago, bizi eta sufritu duten euskaldunak nahiago, izan eskuin, izan ezker. Espainolkeriatik urrutiago-eta hobe!
1990eko udan Arruitz-Urritza-Beramendi-Itsaso herriek egiten duten laukitxoan zebiltzan guardia zibilak gora eta behera, hemen begiratu eta han miatu. ETAk, Adolfo Villoslada, Añuri enpresako nagusia, atxiloturik izan zuen gordelekuaren bila omen zebiltzan. Lurpean egindako zulo edo aterperen bat.
Lagun batek esan zidan gure alderdiko ermitak zituztela erreferentzia, San Migeltxoko Santa Luzia ermita, Itsasoko Muizkoa eta Urritzako Bideko Birjina ermita eroria. Hori zenbait jenderen artean zabaldu zena eta nik entzuna. Eta lagun horrek hara zer gehitu zidan:
-Ez zauketek opatue! Ez ditek opatuko ez, hago lasai!
Eta ni isildu nintzen ETA garaiezin hartan sinesten ez nuelakoz. Isildu egin nintzen, oso kontrako iritzia nuelakoz:
-Eun batetik bestia opatuko’itek, estrategia okerrek bukaera okerragorako bidia ditek! –nire baitan.
Esan bezala, isilik, ETA garaiezin hura mitoa besterik ez baitzen ordurako gutako askorentzat.
Hori bai, denok ginen akort 30-40 egun lehenago Irunberriko zintzurrean gertatuko gertakizun odoltsu harekin zuela ikustekoa. Gertaera haren jarraipena zela.
Zer gertatu zen Irunberriko Zintzurrean? 1990eko ekainaren 25eko eguerdian hiru etakide eta guardia zibilaren arteko tiroketa batean zibil bat hila gertatu zela eta komandoko hirurak ihesi egin zutela. Hori zen komunikabide guziak ziotena, hori zen gertaera larria. Eta hiru ETAkoen bila zebilen Nafarroako guardia zibila arratsalde luzean, iluntzean German Rubenach, iruindarra, buruan tiro bat zuela, hil-hurren aurkitu zuenean.
Biharamunean zabaldu zuten bigarren berri latza, komandoko beste biak opatu zituztela eta elkarri tiro egin-eta hil zirela, suizidatu, alegia, tiroketa izan zen lekutik oso-oso hurbil, metro batzuetara besterik ez.
Horrelakorik ez zen inoiz gertatu, beren buruari tiro egitea entzutea bakarrik astindu latza izan zen denentzat eta gehiago abertzaleentzat. Eta zer esan gure alderdian, Larraunen, eratu zen komando-laguntzaileko partaide zirenentzat?
Berehala ihesi egin zuten Beramendiko zuloa hustu ondoren.
Eta Larraungo gazte horien ihesak are gehiago aztoratu gintuen, jakinik nolako inarrosaldia suposatzen zuen horrelako erorketa batek.
Barne Ministerioaren komunikatuen eta Gorteetan Ministroaren bi agerraldiek suizidioa sinestarazi nahi izan ziguten. Gainerako aukera guziak hertsi nahi zituzten, berena zen egia bakarra. Baina kontakizunak zulo asko zuen, ilun ziren puntu gehiegi, galdera aunitz erantzunik ez zutenak…
Eta Rubenach Iruñeko Ospitaleko CIUn egonik, hiltzeko arrisku bizian, Poliziak eta Epaileak bi aldiz galdekatuz. Izugarria!
Gerora, Espainiako polizien laguntzaz, Espainiako Justiziaren esku hartze interesatuaz, alderdi politikoen alderdikeriez…, ahal bezala, lurra bota, estali eta atzendu. Eskandalua handia izan zen hasieran, ondoren, tapatu zuten ahal guzia, baina hura ezagutu genuenon bihotzean zauri bat gelditu zen.
Orain Pako Aristi Urrestillako literatur idazle bikainak eta egunkarietako polemista handiak, Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburua atondu digu. Horretarako lekuak, lekukoak, komando laguntzaileetako kideak… den-denekin hitz eginez, uste dut Arroilako misterioa urratzen saiatu dela. Eta erdietsi duela.
Liburu argigarria, zorrotza eta zintzoa; “Euskaldunon hitza” esaten zen bezala oraindik ere, batzuetan bederen, egia dela erakutsi digu Aristik. Ez nuen besterik espero.
Liburu gomendagarria, irakurtzeko erraza, batzuetan nobelagile batek eskain dezaken goi literatura eskaintzen digu, besteetan misterio kutsuko orrialdeak eta askotan polemika zale baten ikerketa zorrotza, galderez eta ahal duenean erantzun argitsuez betea.
Bai, kontakizun mingarria, baina gure historia hurbila ezagutzeko liburua. Merezi du merezi duenez.
P.D. Orain 2-3 urte Jon Alonso Fourcadek, Iruñeko idazle nasaiak, atera zuen beste liburu eder bat euskal gatazkaz: Naparra, kasu irekia. XX. bukaerako euskal borrokaz ikasi nahi duenak hor beste liburu ezinbestekoa. Harrigarriki azaltzen ditu orduko borrokalari handi eta txikien buru barrenak, nahiak, kezkak eta ezinegonak. Barne-barnerainoko bidaiak egiten maisu agertu zaigu Alonso.
Jose Miguel Etxeberria, Komando Autonomoetako kidearen desagerpenaz dihardu liburuak. Naparra, kasu irekia.
Euskal puzlea osatzeko bi liburuak irakurtzeak on eginen liguke, osagarriak dira eta bikainak, bai horixe!