Esan Erran irratiak 25 urte

Esan Erranen 25 urteak ospatzeko: Jazztatu!

Amezti.eus 2023ko ira. 22a, 14:01

Esan Erran irratiak 25 urte beteko ditu abenduan eta behar bezala ospatzeko hainbat ekimen antolatu ditugu. Lehenengoa, bihar izanen da: Jazztatu!

Omen kolektiboaren Dardar proiektua eskainiko da Jazztatu ekimen honetan, jazz kontzertu ederraz gozatzeko aukera izanen dugu, beraz. Hiru geldialdi izanen dira: lehenengoa Larraintzarko ostatuan, 11:00etan; bigarrena, Aizarozko ostatuan 12:30ean eta hirugarrena, Urritzako plazan, Imozko egunaren ospakizunen baitan, 13:45. Aukeratu zuen geldialdia eta ez galdu!

Eta, apuntatu zuen agendetan hurrengo datak ere bai: urriaren 7an bertso saio musikatua izanen da Santurbeko baselizan, Gaskuen, 12:00etan. Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Nerea Ibarzabal arituko dira bertsotan, Gari Otamendi eta Ixak Arruti musikariek lagunduta.

Eta, pesta eguna urriaren 21ean Eritzegoitiko kultur eskolan: Herri kirolak, muxikoak, bazkaria, La Jodederaren kontzertua eta DJ Hannibal Selecter!