Esan Erran irratiak 25 urte

Esan Erranen 25. urteurrena: jazza, bertso saio musikatua eta pesta

Amezti.eus 2023ko eka. 20a, 12:02

Ultzama aldeko Esan Erran irratiak 25 urte beteko ditu aurten, abenduaren 20an. Irailerako eta urrirako hainbat ekimeneko egitaraua antolatu dugu, urteurren borobila behar bezala ospatzeko. Jazz ibiltaria, bertso saio musikatua, pesta eguna... gorde egunak zuen agendetan!

Irratiaren ibilbide luzean momentu ederrez gain zailtasunak ere izan dira, Nafarroako Gobernuak diru-laguntzak bertan behera utzi zituenekoa kasu. Gorabehera guztien gainetik, baina, lortu du tokiko irrati txiki euskaldunak aurrera egitea, eta hasierako helburu berberak mantentzen ditu egun: Ultzama aldeko eskualde zabalean euskara bultzatzea eta herritarren arteko harremanak sustatzea. Urteurrenari begira, hiru ekimen eder prestatu ditugu irailerako eta urrirako. Hona hemen egitaraua!

  • Irailaren 23an: JAZZTATU! jazz ibiltaria Imotzen, Basaburuan eta Ultzaman barna. Omen kolektiboak DarDar proiektua aurkeztuko du. Zuzeneko jazz musika eskualdeko ostatu desberdinetako terrazetan, bermut garaia girotzeko.

 

  • Urriaren 7an: BERTSO SAIO MUSIKATUA, Santurbe baselizaren atarian (Odietan), 12:00etan. Bertsolariak: MAIALEN LUJANBIO, NEREA IBARZABAL eta JULIO SOTO. Musikariak: Ixak Arruti eta Gari Otamendi

 

  • Urriaren 21ean: 25. URTEURREN PESTA! Eritzegoitiko (Atetz) Kultur Eskolan, egun osoko egitaraua: puzgarriak, herri kirolak, dantzak, bazkaria, La Jodedera taldearen kontzertua, DJ Hannibal Selekter...

Horretaz guztiaz gain, irratiaren ibilbidea jasoko duen dokumentala prestatzen ere ari gara. Aurrerago emanen dugu honen berri, dena den...