Eskualdea prestatzen ari da Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarako

Amezti.eus 2022ko abe. 21a, 09:57
Olentzero, Atetzen, 2020an.

Lehendabizi eskolara joanen dira, bihar; eta, ondoren, eskualdeko herri guztiak bisitatuko dituzte.

Herri batzuetan, Odietan eta Anuen, adibidez, igandean izan ziren umeen eskutitzak biltzen. Ondoren, larunbat arratsaldean etorriko zaizkigu berriz ere, opariak banatzeko.

Basaburuko eskolan bihar goizean izanen dira. Larunbatean ere, 24an, Jauntsaratsera etorriko dira, 18:30ean.

Anuen Aritzun izan ziren igandean, eskutitzak biltzen. Eta, larunbatean, 24ean arratsaldean, Olaguera iritsiko dira opariak banatzeko. Bestetik, eguberrietako oporrak baliatuz, hainbat tailer ere antolatu dituzte bailaran. 28an eta 29an lego-robotika ikastaroa eta pilotak egiteko tailerra eginen dituzte. Sei eta hamalau urte bitartekoei zuzenduta dago eta 30 ume baino gehiagok eman dute izena.

Odietan herrietako bat aukeratzen dute Olentzerok eta Mari Domingik urtero. Aurten Ostizera iritsiko dira larunbat arratsaldean. Aurretik, Santurben bildu zituzten gutunak, pasa den igandean.

Ultzaman herri guztietara hurbilduko da, urtero bezala. Eta, gabon gauaz aparte, hainbat ekimen ere antolatu dituzte jai egunetarako. Abenduaren 27an Dronen munduan murgildu eta hauekin praktikatzeko tailerra eginen dute, eta 28an sukaldaritza ikastaroa. Dron ikastaroan plaza mugatua da, horregatik, izena emateko epea abenduaren 23a arte dago zabalik, Euskara Zerbitzura deitu daiteke 948305134 / 659341248 edo ezubioa@iparmank.eus helbide elektronikora idatzi.

Imotzen ere hainbat ekimen antolatu dituzte. 24an, Erasora iritsiko dira aurrena Olentzero eta Mari Domingi, 18:30ean. Ondoren, esan bezala, ez da aspertzeko unerik izanen opor guztietan. Ikusi egutegia:

Atetzen ere, noski, izanen dute Olentzeroren bisita. Eritzera iritsiko da, eta hilerriraino joanen dira berarekin, opariak banatuko dizkie umeei; ondoren, suziriak ikusiko dituzte, eta, amaitzeko, otordua janen dute. Bestalde, urteak dira bailarako umeek antzerkia prestatzen dutela. Gabon gauarako prestatzen zuten, baina azken urteetan 24ko ekintzetatik atera eta oporretan egiten dute emanaldia. Aurten 30ean eginen dute.

Bukatzeko, Lantza ere etorriko dira Olentzero eta Mari Domingi. 17:30ean bilduko dira herritarrak, herriaren sarreran, itxaroteko. Eta iluntzearekin, 18:00ak aldera, iritsiko dira.

Zorionak eta urte berri on eskualdeko herritar guztiei!