Errugbian ezagutu zintugun guk. Nola iritsi zara herri kirolen mundura?
Ultzamako eskolan hamar urte daramatzat herri kirol eta errugbiko irakasle, eskolaz gaindiko jardueren barruan. Lehenagotik sokatira eta herri kirol konbinatuak probatuak nituen eta gustatu zitzaizkidan, baina errugbian ari nintzenez, ez nuen horretan hasterik izan. Iaz, ordea, errugbiko azken denboraldia eginen nuela erabaki nuen, erronka berriak jarri nahi nizkiolako nire buruari. Eta, aldi berean, Irurtzunen entrenatzen duen harrijasotzaile batek esan zidan berarekin entrenatzen hasteko. Horrela hasi nintzen.
"Geroz eta emakume gehiago ari da harrijasotzen, batez ere Gipuzkoan"
Ez da ohikoena harrijasotzea emakumezkoen artean, ezta?
Tira, geroz eta emakumezko gehiago ari dira honetan, baina batez ere Gipuzkoan, han modan jartzen ari da. Crossfit-ean badago ariketa bat pisu handiko baloi moduko batekin egiten dena, ez da harria, baina horrekin hasi dira asko. Gainera, herri kirolen eta crossfit-en arteko lehiaketak ere antolatu dituzte han, eta jendea kirol batetik bestera pasatu da, horrela ari da herri kiroletara jendea iristen, crossfitetik.
Herri kirolak nahitaez tradizioarekin lotzearena aldatzen doa, beraz?
Bai, eta herri kirolak egiten dituztenen gorputzak ere aldatuz doaz, orain gehiago dira gimnasioko gorputzak. Geroz eta gehiago dira kirolari bere osotasunean eskainitako pertsonak, eta ez harriari bakarra. Gainera, gimnasioko kirolak ere geroz eta gazteagotik praktikatzen hasten dira gazteak gaur egun, eta hori ere nabari da.
Eta zergatik aukeratu duzu zehazki harrijasotzea?
Atentzioa eman zidan harrijasotzeak, eta hainbeste emakume ikusten ez diren kirolak egitea eta bultzatzea gustatzen zait. Errugbian hasi nintzenean ere ez ziren emakume asko ikusten, orain gehiago normalizatu da. Herri kiroletako zenbait kirol, ordea, oso maskulinotzat hartzen dira oraindik, eta horri buelta ematea da nire helburua. Oraindik askok esaten didate harrituta: “Harrijasotzen, zu?”. Bada, bai, zergatik ez ba? Eta azazkala pintatuekin aritu nahi dudala harrijasotzen, bada, zergatik ez? Bakoitzak nahi bezala!
Oraindik aurreiritzi asko daudela sumatu duzu orduan?
Bai, bai. Donezteben nirekin harrijasotzen aritu zen neskak esan zidan bere entrenatzaileak lehen ez zituela emakumezkoak entrenatzen, 'asko kexatzen zirela' esaten zuelako. Bada, horregatik ere gustatzen zait kirol hau: herri kiroletako beste modalitate batzuetan neska gehiago ikusten da, baina indarrarekin lotutako beste hauetan gehiago kostatzen da. Nik ez dut mutil baten pare egin nahi, nahi dudana da neskok ere harrijasotzen aritu gaitezkeela erakustea!
Nola izaten dira entrenamenduak?
Nire kabuz gimnasiora joaten naiz astean behin, eta saiatzen naiz mendira ere joaten, oinez, lasterka... alde aerobikoa ere lantzeko. Eta, entrenamenduei dagokionez, alde teknikoa ari naiz lantzen batik bat. Ordu beteko edo ordu eta erdiko entrenamenduak izaten dira, harria jasotzen aritzen gara, eta teknikoki zuzentzen aritzen zaizkigu. Alde fisikoa eta teknikoa uztartzen dugu, azken batean. Orain teknika irabazten ari naizela, alde aerobikoa ere gehiago sartzen didate: hiru minutuan ahalik eta altxamendu gehien egitea, adibidez.
"Momentuz harri biribilarekin ari naiz, niretzako moduko bestelako harririk ez dagoelako"
Eta zein motako harriarekin ari zara?
Momentuz, harri biribilarekin ari naiz soilik . Gizonezkoen mundu bat izatearekin, Nafarroan dauden pisuak gizonezkoentzakoak dira, eta ez dago niretzako harririk. Dena dela, entrenatzen dudan taldea erraztasunak ematen ari zait, orain niretzat eta beste kide batentzat bolak sortzen ari dira, entrenatzeko aukera izan dezagun. Harri zilindriko bat egiten ari zaizkigu, eta bestelakoak ere eginen dizkigute aurrerago.
Udan eman zenuen plazarako saltoa. Zer moduz sentitu zinen?
Lehendabiziko plaza Iltzarbeko festetan izan nuen, Olloko bailaran. Urtero mutil bera joaten zen harrijasotzera, eta nire berri izan zutenean gonbidatu egin ninduten. Sentsazio oso ona izan nuen han, plaza guztiak animatzen ninduen... egia da, neskak ikusten dituztenean gehiago animatzen dutela, asko ere ez gabiltzanez eskertzen dutelako. Ez dut lehiatu, Nafarroan ez dagoelako lehiaketarik eta EAEkoak pisu handiagoko harriekin direlako. Baina irailetik hona hiru plaza egin ditut: Iltzarben, Berriozarren eta Rocopoliseko urteurrenean, eta denetan oso gustura aritu naiz.