-
Zehazki zertan datza crossfita?
Ariketak askotarikoak dira, betiere mugikortasuna eta indarra lantzen dutenak. Mugikortasunekoak ariketa funtzionalak deitzen ditugu. Adibidez, egoki makurtzen ikastea. Ariketa guztiak intentsitate altuan. Crossfita kaltegarria dela zabaldu da batzuetan, mina hartzen erraza dela, baina hori egiteko moduaren arabera izaten da, kirol guztietan bezala. Korrika egitea ez al da kaltegarria? Denetan bezala gehiegikerietan bazabiltza, mina hartu dezakezu. Indarrekoetan, adibidez, lehenengo ariketa ongi egiten ikasi behar duzu eta gero joan zaitezke pisu gehiago jartzen. Nola zauden ere ongi ikusi behar da, mina hartu dezakezu zure buruari zenbat exijitzen diozunaren arabera.
-
Imajinatzen dugun bezain gogorra al da?
Ezagutu dudanaren oso ezberdina da. Ni kiroldegira joaten nintzen eta makinaren bat egiten nuen eta gero bizikletan edo zintan ematen nuen denbora gehien. Ariketa egiten nuen eta izan nezakeen gihar-min pixka bat. Baina crossfitean, nahiz eta oso kirolari izan klase batek lur jota uzten zaitu. Batekin bakarrik aste guztikoa egin duzu! (barreak). Hain zuzen ere, apuntatu nintzenean, ordaindutakoarekin astean bi klasera eta bat libre (monitorerik gabe) hartu nezakeen. Bada, ni klase bakarrera joaten nintzen, lehertuta egoten bainintzen aste guztia. Asteazkenean joan eta igandera arte lehertuta. Baina denetara bezala, ohitu egiten zara. Orain hiru egunez joaten naiz gutxienez, batzuetan lau, eta hurrengo egunean mugitu naiteke! (barreak).
“Nik ere uste nuen ezin nuela eta orain 80 kilo altxatzen ditut!”
-
Zerk engantxatu zintuen?
Ez dakit! Nik askotan esaten dut sekta bat garela, benetan. Lur jota uzten zaitu baina gero hain ongi sentitzen zara... nik uste dut horrek egiten dizula itzultzea. Baita giroa ere, jendea oso-oso jatorra da, orokorrean behintzat. Kiroldegira kaskoekin joaten ohi da, Crossfitean, berriz, musika denontzat da, elkar agurtzen diogu beti, azkena bukatu arte itxoiten dugu, animoak ematen diogu elkar...horrek komunitate oso polita izatea egiten du. Niretzako, gainera, terapia psikologikoa ere izan da, klasean sartzen zara eta ordu batez, behintzat, ez duzu beste ezertan pentsatzen. Bai, zerbait badauka engantxatzen zaituena, oso indartsu sentitzen zara eta horrek ere eragiten du. Zure buruarekin lehiatzera ere eramaten zaitu, pasa den astean sentadillak egin bazenituen 50 kilorekin, 60rekin saiatu nahi duzu hurrengoan...
-
Askok pentsatu dezakegu inoiz ezingo genuela horrelakorik egin, probatu beharko genuke?
Hori da. Jendeak uste du ez dela berarentzat, adina aipatzen dute askok, edo norberaren pisua, baina dena egokitu daiteke. 100 kilo pisatzen dituzula, ados, lehenengo sei hilabeteetan, beharbada, ezingo duzu kaxoira salto egin, baina eskailerak egin ditzakezu eta ariketa berdina egiten ari zara, eta giharrak aktibatzen. Gutxika erritmoa hartzen da. Gure crossfit gunean adin eta gorputz anitzekoak daude, potolotxoak zeudenak eta orain indartsu daudenak, 70 urte dituena ere badago eta oraindik ere txapelketetan parte hartzen duena, denetarik... Jendeak beldurra dauka baina lasai probatzea da gakoa. Belaunak gaizki dituzula, lasai, ariketa egokituko dizute (baita txapelketetan ere!). Nik ere uste nuen ezin nuela eta orain 80 kilo altxatzen ditut! Horrelakorik egiteko gai izango nintzenik ez nuen uste!