Esan Erran irratiko Egun Ero irratsaioak agur esan dio ikasturteari

Amezti.eus 2022ko eka. 20a, 10:49

Ostiralean amaitu zen Egun Ero magazinaren denboraldia, eta larunbatean irratilagunekin bildu eta pesta txiki bat ospatu ztuen Esan Erran irratiko kideek. Egun Ero irailean itzuliko da.

Irratiko lagunei eta sare zabal bati esker ateratzen dugu aurrera Egun Ero magazina, Esan Erran irratiko saio propioa. Aurtengoan ere, eskualdeko kolaboratzaile sare ederra izan dugu, gai desberdin asko lantzeko aukera eman digutenak: literatura Patxi Irurzunekin, zinema Maider Urzelairekin, kirolak, krimen nobela Irantzu Perezekin, euskara Felix Altzelairekin, Mexikoko iraultzaren historia Mexikortxotarrekin, bidaiak, nekazaritza eta abeltzaintza Begoña Okiñenarekin, feminismoa, musika Iñaki Larrayozekin, internazionalismoa Txuri Ollorekin, gizarte gaiak, haurren garapena Amaia Legarrarekin... eskerrik asko guztioi, zuek gabe ezinezkoa izanen baitzen irratia bizirik mantentzea!

Eta ikasturteari bukaera behar bezala emateko, azken urteetan egin bezala, festa txiki bat antolatu genuen Aizarozko ostatuan, ekainaren 18an, larunbatarekin. Lehenengo, irratilagunon bazkaria, hainbat kolaboratzaile eta lagunekin. Eskerrik asko Gaizkari eta Javiri, ederra zegoen janaria!

Ondoren, 18:30ean, Iruñeko Nahiak Nahiko Nahia Ojetak, bi taldekide lagunduta, kontzertu zoragarria eskaini zigun.

Irailean itzuliko gara Egun Ero irratsaioan, eskualdeko kolaboratzaile eta gai berriekin! Bitartean, Esan Erraneko programazioak ez du etenik, Arrosa Sareko eta euskal irratietako irratsaio interesgarriak eta musika ere entzungai izanen duzue udan zehar.