Pulunpeko edukiak

[ERREPORTAJEA] Haur eskolak: Nafarroako 0-3 plataformak mobilizazioak iragarri ditu

Itziar Perez Argomaniz 2022ko api. 28a, 13:16

Urteak daramatzate haien lanean duintasuna eskatzen, baina fruitu gutxi izan ditu borrokak eta 2001ean sortutako plataforma desagertzekotan izan da. Duela bi urte arte. Orduan berpiztu ziren mobilizazioak, eta erantzunik jasotzen ez dutenez, aurten areagotu eginen dituztela iragarri dute. Maiatzean greba egitea ere planteatzen ari dira, horretarako, haur eskoletan bozketa eginen dute. Panorama honetan, gure eskualdeko haur eskoletako egoera ezagutu nahi izan dugu.

Martxoaren 11n Larraintzarko elkarretaratzean eta martxoaren 26an Iruñeko manifestazioan ikusi genituen Nafarroako haur eskoletako langileak. 20 urte daramatzate haien lanbidean duintasuna eskatzen, erantzunik jaso gabe. Gobernuak bete ez dituen azkeneko promesak: auziaz arduratzeko lantalde bat osatzea eta EH Bildurekin sinatutako akordioaren bost puntu. Horregatik, protestak areagotuko dituzte aurten, eta maiatzean greba egitea ere aztertzen ari dira.

 

Nafarroako haur eskoletan lan baldintza hobeak eskatzen dituzte. Salatzen dutenez, ondoko erkidegoan ez bezala, non ia 1.800 euroko ordainsaria jasotzen duten, Nafarroan ez dira 1.300 euroko soldatara iristen, hamabi pagatan. Baina, langileen duintasunarekin batera, haurrena ere eskatzen dute, behar bezala artatzeko langile kopuru handiagoa, alegia.

 

Ratioa, Europakoen bikoitza

 

Eskari hori, batez ere, ratioetan islatzen da. Izan ere, Nafarroan, langile bakoitzari dagozkion haurren kopurua Europako herrialde batzuen bikoitza da.

 

Kristina Goñi Etxenike Nafarroako 0-3 plataformako bozeramaileetako bat eta Baztango Haur Eskolako langilea da: “Danimarkan, adibidez, 0 eta 1 urte bitartekoen gelan hezitzaile bakoitzarendako hiru haur diren bitartean, Nafarroan, zortzi ume ditugu. Bat eta bi urte bitarteko gelan, Italian, hezitzaile batek sei haur ditu; Nafarroan aldiz, hamabi. Bi eta hiru urtekoen gelan, Frantzian zortzi ume daude bidelagun bakoitzarendako; Nafarroan, hamasei. Gauza jakina da, zenbat eta haur gehiago izan orduan eta zailagoa dela kalitatezko zainketa eskaintzea”.

 

Maite Vertiz, Xinbili Xanbala: “Askotan egin nahi dituzun guztiak ezin dituzu egin”

Eskualdean, momentuz, hobeki

 

Iraizozko Xinbili Xanbala haur eskolan, Ultzaman, eta Jauntsarasko Ttikiena haur eskolan, Basaburuan, ez dituzte plazak bete, eta momentuz beste haur eskola batzuetan baino hobeki daude. Maite Vertizek, Xinbili Xanbalako langileen izenean, horrela azaldu digu: “Modulurik ez dugunez, hau da, ratioak betetzen ez ditugunez, eskolan ematen ahal den kalitatea eta zaintza hobea da”. Amaia Legarra, Ttikienako zuzendariak bere lankideen izenean: “Bakoitzari eskaintzen ahal zaion denbora askoz gehiago da eta bakoitza ezagutzeko aukera handiagoa. Eta, hala ere, tarteka... azkenean oso haur txikiak dira, beharrak batera izaten dituzte, gutxi gorabehera batera gosetzen dira, esate baterako, eta denei batera erantzutea kosta egiten da”. Maite Vertiz: “Hobeki gaude, baina askotan egin nahi dituzun guztiak ezin dituzu egin”.

 

 

Xinbili Xanbalan bi plaza libre dituzte lehenengo moduluan; bost, bigarrenean; eta, hiru, azkenekoan. Ttikienan zortzi plaza libre dituzte guztira. Aurten, dena den, ezohikoa izan da, izurritearengatik laguntzaile bat izan baitute bi haur eskolatan. Hori aurten, baina datorren urtera begira ratio horietatik oso gertu egonen dira. Izan ere, Ttikienan, hemezortzi ume izanen dituzte eta Xinbili Xanbalan ere gehiago izatea aurreikusten dute. Amaia Legarra: “Aurten, honezkero, gehiago izan gara eta datorren urtean nahiko estu ibiliko gara”.

 

Amaia Legarra, Ttikiena: “Hezitzaile bat 14 haurrekin ez da momenturo gertatzen dena ikustera iristen”

Bizitzako lehenengo urteak, funtsezkoak

 

Egungo ratio horietan, plataformatik salatzen dutenez, umeak arriskuan ere egon daitezke, eta lan baldintzetatik harago, feminizatua den lanbide honi merezi duen garrantzia eman behar zaio. Hain zuzen ere, gainontzeko hezkuntza bezala, doakoa eta unibertsala izatea exijitzen dute plataformatik. Vertizek eta Legarrak diotenez, eta imajina dezakegunez, bizitzako lehenengo urteak funtsezkoak dira garapenerako.

 

Amaia Legarra: “Lehenengo hiru urteetan garatzen dira gure garunaren hiru laurdenak. Hasierako esperientzia eta harreman horiek zenbat eta sendoagoak izan, zenbat eta esperientzia positiboagoak eduki, orduan eta nortasun sendoagoa, autoestimu indartsuagoa... ondorengo pertsona horiek gutxienez orekatuagoak izanen dira”. Maite Vertiz: “Nik uste dut gaur egun jakina dela haurren hasierako urteak oso garrantzitsuak direla. Emozionalki ematen diezun segurtasun guzti hori helduarorako oinarria da”. Legarra: “Hezitzaile bat 14 haurrekin ez da momenturo gertatzen dena ikustera iristen. Arriskutsua izan daiteke fisikoki eta emozionalki, sortu daitezkeen gatazka asko ezin direlako kudeatu edo lagundu”.

Carlos Gimenoren proposamena, “astakeria”:

 

Haur eskoletako aldarriak bete ez, eta hauen egoera arintzeko argudioarekin, Hezkuntza kontseilariak haur eskoletako bi urteko gelak bigarren zikloko eskola publikora pasatzea proposatu du. Guztiz kontra agertu dira 0-3 plataformatik.

 

Kristina Goñi Etxenike: “Haur eskola batzuetan adin horretako haur gehiegi daudela eta denei erantzuna emateko gezurraz mozorrotuta egin dute proposamena. Guk, ordea, ez dugu bere irtenbidea inondik inora babesten. Haur eskoletan pertsonala bikoiztuz gero, berak dioen “gehiegizko haur kopuru” hori haur eskoletan primeran egonen litzateke. Gainera, 0-3 zikloa erditik banatzea ikaragarrizko astakeria iruditzen zaigu. Are gehiago, jakinda mugimendu horrekin hainbat haur eskola ixteko arriskuan egonen liratekeela, eta aldi berean, haur hezkuntzako bigarren ziklotik aurrera irekita dauden ikastetxe gehienak ez daudela prest bi urteko haurren beharrei erantzuteko”.