Pulunpeko edukiak

[ERREPORTAJEA] Lehen sektorea, kinka larrian

Itziar Perez Argomaniz 2022ko mar. 17a, 13:18

Zaharrak berri. Abeltzainak kalean ikusi ditugu berriz ere, bidezko prezioak eskatzeko, baina pentsuaren eta gastuen igoerarekin, egoera are larriagoa da orain. Izan ere, litro bat esne kilo bat pentsu baino merkeago ordaintzen da. Esne behien sektorea, hain zuzen ere, estutuenetakoa da, eta izugarrizko mobilizazioetan ikusi dugu. Baina ez da bakarra.

Esne behien sektorea supermerkatu handien ateetan ikusi genuen abenduan, esnearen prezioa igotzea eskatzeko. Iruñean ez ezik, Hego Euskal Herriko beste hiriburuetan ere ikusi ditugu mobilizazioak, EHNE Nafarroa, EHNE Bizkaia, ENBA eta UAGA eta UAGN sindikatuek deituta.

 

Nafarroan, gainera, EHNE Nafarroak eta UAGNk manifestazioa deitu zuten Iruñean, martxoaren 3an, saltoki handi bakar batzuek bete dituztelako eskaerak, esnearen prezioa igotzea, alegia. Izan ere, aipatu bezala, esnearen sektorea estutuenetako bat izan da, baina ez da bakarra. Inflazioaren ondorioz gastuek gora eta gora egiten dute egunero, eta horrek kinka larrian jarri du lehen sektorea.

 

Gastuen igoerak ez du etenik

 

Abeltzainei esnearen truke ordaintzen zaien prezioa hamarkadetan aldatu ez bada, gastuen igoera etengabekoa da, are gehiago egungo inflazioarekin. Begoña Okiñena etxalekuarrak EHNE Nafarroan lan egiten du: “Pentsuaren igoera aspaldikoa da, baina orain argia, ongarritzeko gaiak, dena doa goraka eta esne ekoizleen egoera oso larria da. Litro esnearengatik dirua galtzen ari dira. Kilo bat pentsu, litro bat esne baino garestiagoa da”.

 

 

Gotzone Sestorain leitzarra Habelarteko- mendialdeko baserritarren elkarteko- bozeramalea da: “Adibide bat jarriko dizut: guk gazta egiten dugu, ardiak jezten ditugu garai honetan, goizez eta arratsaldez, eta argindarraren faktura bikoiztu baino gehiago egin zaigu prezio igoera honekin. Gasolioa egunetik egunera igotzen ari da; eta pentsua igo da denetan, %30 joan den urtetik. Guk transgenikorik gabeko pentsua hartzen dugu, joan den urtean 28 zentimo pagatzen genuen eta aurten 38. Gauza bera gertatzen da ekologikoan ari diren oilo erruleen kasuan ere, 56 zentimo ordaintzetik 72 ordaintzera pasatu dira. Marjinak geroz eta txikiagoak dira, lehen txikiak baziren, orain askoz ere txikiagoak”.

 

Esan bezala, egoera izugarri larriagotu da azken hilabeteetan, baina Sestorainek azpimarratzen duenez arazoa ez da berria: “Hau aspalditik datorren kontua da. Aspaldi ari da sektorea ahultzen marjinak gero eta txikiagoak direlako. Azken 20-25 urteetan kostuak ikaragarri igotzen ari dira. Guk, esate baterako, duela 20 urte 3.000 euro gastatzen genituen pentsuan, orduko 500.000 pezeta. Gaur egun 15.000-16.000 eurotan dabiltza gure kostuak. Argindarrarekin eta gasolioarekin gauza bera gertatzen da eta, ikusten denarengatik, igotzen segituko du”.

 

Begoña Okiñena, EHNE: “Kilo bat pentsu, litro bat esne baino garestiagoa da”

Eskualdeko abeltzainak

 

Gure eskualdeko abeltzainengana jo dugu, eta haserrea nabaria da. Batzuek ez zuten erreportajean agertu ere egin nahi, egoerarekin nazkatuta eta aldarrikatzeko gogorik ere gabe gelditu direlako. Gaurkotasun-albisteetan daudenean seinale txarra dela adierazi digute, eta, normala den bezala, ez zaie gustatzen egoera larria denean bakarrik gogoratzea beraiekin.

 

Dena den, batzuen egoera ezagutzeko aukera izan dugu eta egoera kritikoan daudela diote, irabazi alderik gabe eta zituzten planak bertan behera uzteko beharrean.

 

Maitane Arbillak ahizparekin esne behiak ditu Iraizotzen (Ultzama): “Pentsua dago pufff... esan ziguten udaberrian prezioa jaitsiko zela baina orain esan digute ezetz, eta gainera igual igo egingo dela. Gasolioa, argia ere gora... Guk aurreikusten genituen gauza batzuk pixkanaka egitea baina horrelako egoerarekin ezin dugu. Adibidez, ingurumenarekin pixka bat konprometitu nahi genuen eguzki panelak jarriz, esate baterako, aldi berean fakturaren prezioa ere jaitsi genezakeelakoan. Baina egoera honetan ezin dugu. Gero asmoa ere bazen pixen putzua estaltzea zeren euriarekin gure putzua agudo betetzen da eta horrek ekartzen du minda (purina) atera behar izatea nahi baino gehiagotan. Hori ere ezin da... Konponbide bakarra, prezio justu bat izatea merkatuan. Ez da oso argia izan behar ikusteko horrela ezin dela”.

 

Miguel Angel Oiartzunek ardiak ditu Egillorren (Atetzen): “Kinka larri-larrian gaude, esnetarako behiak oso gaizki daude, baina gu ere egoera kritikoan gaude. Esnearengatik pixka bat gehiago ordaintzen digute baina ez pentsuaren igoeraren portzentaian. Pentsua izugarri igotzen ari da, %30-%40 artean, eta esnea %5 inguru gehiago ordaintzen digute, edo gutxiago. Beraz, ez dakit zer pentsatu. Nik ikuilua modernizatu nahi nuen eta pixka bat gehiago handitu, errentagarritasuna pixka bat handitzeko langile bat daukadalako eta bi soldata atera nahiko nituzke, egun libreak ere izateko, baina honek ez du nahikoa ematen. Pena bat da, ilusioa daukat baina gogoak kentzen zaizkizu. Ez dakit zer gertatuko den, baina gauza aldatzen ez bada ez da abeltzain gazterik egonen, ez gazterik ez zaharrik...”

 

 

Miguel Angel Oiartzun, artzaina: “Pena bat da, ilusioa daukat baina gogoak kentzen zaizkizu”

Elikagaien Katearen Legea

 

Lehen sektorearen egoera hobetzeko asmoz Elikagaien Katearen Legea onartu zen Espainiako kongresuan abenduaren 2an. Ordutik, Mercadonak bakarrik igo du esnearen prezioa. Begoña Okiñena, EHNE Nafarroa: “Mercadonak 3 zentimo igo du prezioa, espero dugu nekazariendako izatea, baina hori ez da nahikoa, Mercadonak bakarrik egitearekin ez dugu ezer egiten, beste guztiek egin beharko lukete eta ez dute bete”.

 

Gainera, legea bakarrik ez da nahikoa: “Legea behar beharrezkoa zen, oso kontent gaude. Baina ez da berdin Baztanen ekoiztea edo Cuencan ekoiztea, gastuak merkeagoak dira Cuencan, baldintza hobeak dituzte, Erriberan ere bai. Ez da berdina Azpiroz batean, dena malda delako, produkzioa garestiagoa da. Horregatik, ez da nahikoa, oso ongi dago baina zehaztasun gehiago behar ditugu. Eta, legea zintzo bete behar da”.

 

Gotzone Sestorainek, Habelartetik, behatoki bat proposatzen du: “Lege asko ateratzen dira baina horiek gero betearazi egin behar dira. Nafarroako administrazioak prezioen behatoki bat sortu beharko luke eta behatoki horretan baserritarrak, industria arlokoak, industria eraldatzaileak, banatzaileak, kontsumitzaileak, denok egon beharko ginateke. Produktuen eta elikagaien azken prezioan ongi jasota egon behar lirateke kate guztian gaudenon kostuak, hori lortzeko. Kostu horietan eskulana ere kontuan hartu behar da eta gainera soldata duina, baserritarrarentzat, soldatapeko langileentzat, industrian lanean ari direnentzat eta baita merkataritzan eta banatze lanetan ari direnentzat, guztientzat. Horrek zer esan nahi du? Askotan elikagaien prezioak altuagoak izan beharko luketela. Eta, aldi berean kontrola ere izan beharko du behatokiaren funtzioa, benetan ikusteko legeak esaten duena betetzen dela eta behatokiak markatzen dituen erreferentziazko prezioak betetzen ez badira zigorrak egoteko”.

 

Kontsumitzaileek, gehiago ordaindu

 

Abeltzainendako eta nekazariendako gastuak gora doazen bezala, herritarrok ere poltsikoak urratu beharrean gabiltza, eta, beraz, baserritarrendako bidezkoena dena, batzuendako supermerkatuan gehiago ordaindu behar izatea arazo larria izan daiteke. Gotzone Sestorain: “Esnea 50 zentimotan pagatzea kriminala da, gutxienez 75 zentimotan ordaindu beharko genuke, eta hortik gora. Arkumea superfizie handietan 7-8 eurotan ikustea irain bat da guretzat. 12-13 euro kiloa ordaindu beharko genuke gutxienez, baserritarrari benetan prezio justua ordainduko bazaio. Duela 50 urte elikagaiengatik jendeak ordaintzen zuena zen soldataren %50; gaur, badira estudioak diotenak %15era ez dela iristen, hori ikaragarria da”.

 

Kezka ulertzen du, dena den, Sestorainek, eta, horregatik, dirulaguntzak

modu justuagoan banatzea beharrezkoa da bere ustez. Azkeneko PACak 100.000 €ko topea jarri du ustiategiko. Nekazaritza iraunkorra defendatzen dugunok laguntza horiek nekazariari unean uneko erreferentziazko errenta osatzeko eta sozial eta ingurumen arloetan iraunkortasuna sustatzeko izan beharko luketela uste dugu. Kostu eta prezioen arteko desorekak orekatzen lagundu beharko lukete”.