Pulunpeko edukiak

[ERREPORTAJEA] Suizidioa: hitz egiteak zauriak orbaintzea eta kasu gehiago ekiditea dakartzalako

Amezti.eus 2022ko ots. 23a, 12:21

Isiltasuna eta tabua. Horixe izan da suizidioaren aurrean gure gizarteak urte askoan eman izan duen erantzun bakarra. Zalantzagatik eta beldurragatik izan da seguru aski, laguntza nola eman eta gaia nola tratatu ongi jakin ez dugulako. Argi dagoena da, gaur egun, suizidioaz hitz egitearen eta gaia jendarteratzearen garrantziaz adostasuna dagoela: adituek, prebentzioaren bueltan diharduten elkarteek nahiz kasuak hurbiletik bizi izan dituztenek, denek diote isiltasunak eta gaia ekiditeak onurak baino, kalteak dakartzala.

Espainiako estatuan, heriotza ez-naturalen artean kausa nagusia izan zen suizidioarena 2020an, trafiko istripuak 2,7 aldiz gaindituz. Nafarroan ere, urte horretan, 43 pertsonak egin zuen bere buruaz beste. Datuek erakusten dute arazo handi baten aurrean gaudela, eta beharrezkoa dela gaia lantzea eta prebentzioan eta osatzean inbertitzea.

 

Pedro Villanueva psikologo eta Itxaropenaren Telefonoa egitasmoko kideak hitz egitearen beharra azpimarratu du. “Jendea sentsibilizatzea eta gaiaz hitz egitea da suizidioaren inguruan ematen ditugun hitzaldien helburu nagusia, horixe izan baita orain arte egon den gabeziarik handiena”, dio. Hain zuzen, iazko martxoan izan zen Villanueva Larraintzarren gaiaren inguruko hitzaldi bat ematen, Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatuta. Jende asko batu zen ekimenera, eta parte-hartzea ere handia izan omen zen.

 

Urteak daramatza Pedro Villanueva psikologoak suizidioaren gaia lantzen

Urteak daramatza Pedro Villanueva psikologoak suizidioaren gaia lantzen

 

Gaia ikusgarri egitea

 

Saio hartan parte hartu zuen Edorta Lopez zigandarra ere ados agertu da Villanuevarekin. 16 urteko semea, Joar, duela urte batzuk galdu zuen Lopezek, bere buruaz beste eginda. “Jende askorentzat suizidioa existitu ere ez da egiten, hurbiletik bizitzea egokitzen den arte ez baita horretaz gehiegi pentsatzen”, dio. Urte askoan tabua izan den gaia ikusgai egitea ezinbestekoa iruditzen zaio berari ere, sufritzen duen jende horri nola lagundu, edo behintzat akonpainamendua nola egin ikasteko eta prebentzioa bultzatzeko.

 

Hitzaldiak eta horrelakoak antolatzeak eta gure esperientziak kontatzeak beste batzuentzako balio dezake. Azkenean, zerbait egin beharra dago, gertatzen ari dena latza baita. Elkarte asko Prebentziorako Plan Nazionala eskatzeko borrokan ari da”, dio. Hain zuzen, Osasunaren Mundu Erakundeak egindako gomendioa da prebentzio planarena, eta horrelakoak martxan jarri diren herrialdeetan lortu dute indizeak jaistea. “Suizidioarekin amaitzea ezinezkoa izanen da agian, baina, behintzat, gutxitzea posible da”, gehitu du Lopezek. Ildo berean hitz egin du Villanuevak ere: “Bai, prebentzioa posible –eta beharrezkoa– da, eta suizidio kasu gehienak ekidin daitezke”.

 

Itxaropenerako espazioak sortzearen garrantzia

 

Gaia argitara ematea eta sozializatzea ezinbestekoa dela argi gelditu da, beraz. Kontua da, nola hitz egin –eta nola ez–? Villanuevak honela erantzun du: “Werther efektua deritzona ekiditea da gakoa, kutsatze efektu hori, alegia”. Horretarako, ezinbestekoa da psikologoaren ustez morboa alde batera utzita suizidioaz hitz egiteko tokiak bultzatzea: espazio positiboak sortzea, itxaropenerako, pedagogiarako eta ezagutzarako espazioak, taburik gabe funtzionatuko dutenak eta sufrimendu egoeretatik pasatu bai baina aurrera egitea lortu dutenen esperientziak ere jasoko dituztenak. “Suizidioa zerbaiten ondorio da; buru gaixotasunak hor daude, baina kontuan izan behar dugu zerbait sozialaren ondorio ere badela”.

 

"Ezin dugu suizidioa gaixotasun mental bezala soilik tratatu, arazo soziala ere badelako"

Lopezek ere beste hausnarketa bat partekatu du, zentzu berean doana. “Ezin dugu suizidioa gaixotasun mental gisa soilik tratatu, arazo soziala ere badelako. Trans pertsonen suizidio tasa, esaterako, oso altua da. Edo gaztetxo bat eskolan baztertua dena futbola gustatzen ez zaiolako eta rarito bat dela esaten delako... horiek guztiak gizartearen arazoak dira”, dio. Azken batean, suizidioen %60 eta 90 artean gaixotasun eta ezinegon mentalekin –batez ere depresioarekin– lotzen dira, baina ezinegon horietako asko ere ikuspegi beretik uler litezke. “Azkenean, nondik dator depresioa kasu askotan? Non dago sorburua?”, galdetzen du zigandarrak.

 

Sufritzen ari direnei baliabideak eta erremintak eskaini behar zaizkie, bien ustez. “Joera suizidak dituzten pertsonek jakin beharra dute honetaz hitz egiten ari garela, badela irtenbidea eta laguntza. Jakin beharra dute sufrimendu hori itzaltzeko, edo behintzat arintzeko, erremintak eskura dituztela: terapiatik hasi eta akonpainamenduraino”, dio Lopezek. Gizarte gisa ere, momentu txarrak pasatzen ari diren horiei baldintzarik gabeko laguntza eskaintzea beharrezkoa dela uste du. Baina, horrez guztiaz gain, noski, ezinbestekoa da instituzioetatik eta administraziotik ere beharrezko medioak eta baliabideak bermatzea. Gizarte Segurantzan psikologo gehiago kontratatzea, lehen pausu bat izan liteke bide horretan.

 

Emozioen kudeaketa lantzea

 

Psikologoaren iritziz, sufrimenduaz, frustrazioez eta bestelako emozio eta sentimendu negatiboez hitz egiteko ezintasun handia dago gaurko jendartean, eta pixkanaka horri buelta ematen hastea ere garrantzitsua da. “Orokorrean, seme-alabak isilean daramatzate arazoak. Haien lorpenak kontatzen dituzte, baina sufriarazten dieten gauzak ez. Agian gu ez kezkatzeko egiten dute, edo indartsuak direnaren irudia mantendu nahi dutelako, hori baita behin eta berriz transmititzen dieguna”.

 

 

Kontua da, prebentziorako ezinbestekoa den beste hanka emozioen kudeaketarena dela, eta fokua askotan seme-alabengan eta gaztetxoengan jarri arren, helduek ere antzeko gabeziak izan ohi dituztela alor horretan. “Nire ustez, orokorrean ez gara laguntzen uzten, ez asko behintzat”, dio Lopezek. Azken batean, Villanuevaren arabera, arrakastarako heziak izaten gara umetatik, eta porroterako, berriz, ez. Horri buelta ematen hasteko garaia bada. “Frustrazioen aurrean komunikatzen jakitea, ondoan gaudela erakustea, entzuten jakitea... esparru guztietan landu beharko genituzkeen gauzak dira horiek: familian, eskolan nahiz kanpoan”, gehitu du Lopezek.

 

Egon litezkeen zantzuei adi

 

Zoritxarrez, suizidio kasu askotan hurbilekoek ez dute inongo seinale edo zantzurik izaten gertatu daitekeen horretaz, eta horregatik da hain zaila egoerari aurre hartzea. “Askotan, edo ez dago seinalerik, edo horiek ezkutatu egiten dituzte, inguruko jendeak sufritu ez dezan”, dio zigandarrak.

 

Dena den, beste zenbaitetan, zantzu txiki eta azalekoak egon daitezke, eta horietako batzuk azaldu dizkigu psikologoak: “Norbaitek bere etorkizunaz heriotzarekin edo suizidioarekin lotutako komentarioak egiten baditu, sufrimendu jasanezin batez hitz egiten badu edo despedida modukoak egiten baditu –izan idatziz, whatsappez nahiz ahoz–, alarma sortu gabe, baina kontuan izatekoak behintzat badira”, dio.

 

"Aholkuak ematea baino, laguntzarik onena entzuten jakitea da"

Eta horrelakoen aurrean nola jokatu? Bada, argibide hauek eman ditu. “Lehenengo gauza hurbiltzea da, konfiantzazko klima bat sortzea eta hitz egitea. Baina, laguntzarik onena entzutea da. Ikasi beharra dugun zerbait da hori, aholkuak eman baino, entzutea”. Aldi berean, nabarmendu du suizidioari lotutako ideiak dituzten pertsonek jakin behar dutela zurekin kontatu dezaketela, horrela sentitzen direnean zuri –edo beste norbaiti– lasai deitzeko aukera duela. “Noski, norbait zerbait egiteko puntuan dagoela sumatuz gero, bakarrik ez uztea gomendatzen da, konpainia egitea eta berarekin egotea”, gehitu du.

Dolua, bide luze eta mingarri hori

 

Semearen suizidioaren ondoren, doluaren inguruan lan egiten duen Goizargi elkartearekin aritu zen Edorta Lopez hainbat hilabetez. “Ikaragarri lagundu zidaten, baina kontuan izan behar da psikologoek miraririk ere ez dutela egiten”, argitu du. Pixkanaka-pixkanaka eta pauso txikiak emanez joan zen, berak dioen bezala, 'iristen zitzaion edozein adar txikiri eutsiz'. “Hasieran, sufrimendua hainbestekoa zen, non uste nuen erotzen ari nintzela”, dio. Terapia indibidualean eta taldekoan aritu zen lehen hilabeteetan, eta tailerrak ere egin zituen. Profesionaletara jotzea aukera on bat dela argi du Lopezek, baina bati psikologoak ematen dion laguntza hori, beste bati inguruko beste pertsona batek ere eman diezaiokeela uste du: lagun batek, bikoteak, familiako norbaitek... “Hori bai, egia da adituek oso lagungarri izan daitezkeen jarraibide zehatzak ematen dituztela”.

 

Hurbileko norbait bere buruaz beste eginda galtzen dutenen artean oso ohikoa den kulpa sentimendua ere presente izan du zigandarrak. “Askotan galdetzen duzu, 'zer egin dut gaizki?', edo egin edo esandakoez damutzen zara, edo egoeraz ez ohartu izanaren errua botatzen diozu zure buruari... sentimendu horiek barrua jaten dizute, eta askotan bueltatzen dira”, dio. Jakin badaki, dena dela, emozio horiek kalte besterik ez dutela egiten, eta horretatik ateratzen saiatu beharra dela.

 

Niri lanean hasteak, euskara ikasteko izen emateak eta horrelako pauso txikiek prozesuan laguntzen didatela uste dut”, azaldu du Lopezek. Horrez gain, jendeari laguntzea edo boluntariotza desberdinak egitea ere suizidioaren ondorengo dolu prozesuetan lagungarria izan daitekeela uste du. “Baina tira, bakoitzak prozesua eramateko modu desberdinak izanen ditu, eta garrantzitsua da hori eta norbere denborak errespetatzen jakitea”, dio. Lopezi, adibidez, on handia egiten dio semearen errautsak dauden tokia bisitatzeak, berari buruz hitz egiteak, bere memoria bizirik mantentzeak. “Beste bati agian horrek ez dio lagunduko eta beste behar bat izanen du”, argitu du.


Prozesua bizitzeko moduak mila badira ere, ziur antzeko esperientziak ezagutzea eta partekatzea lagungarri izan dakiokeela beste norbaiti. Helburu horrekin hitz egin du Lopezek erreportaje h


onetan. Eskertzekoa. “Norbaiti agian nire esperientziak zerbaitetarako balioko diolakoan, horregatik egiten dut”, amaitu du.


Semearen errautsak dauden tokia bisitatzeak doluan laguntzen diola azaldu du Lopezek

Telefono eta elkarte interesgarri zenbait

 

Itxaropenaren Telefonoa:

717 003 717 (24 orduak, )

telefonodelaesperanza.org

 

Besarkada elkartea

besarkada-abrazo.org

 

ANAR Fundazioa

anar.org

 

Goizargi elkartea

goizargi.org