Ibilbidea ezagutzera eman du 22. Korrikak

Apirilaren 5ean, asteartearekin, goizean, pasako da gure eskualdetik. Kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da.

Korrikaren 22. edizioa Amurriotik abiatuko da martxoaren 31n eta Donostian bukatuko da apirilaren 10ean. Tartean, gure eskualdea zeharkatuko du apirilaren 5ean, asteartearekin. Arraiztik sartuko da gurean, goizeko 10:05ean, Baztanetik etorria, eta Alkotz eta Iraizotz pasatu ondoren 10:44ean zeharkatuko du Larraintzar. Ondoren, Auza pasatu ondoren Basaburuan sartu eta Gartzarondik pasatuko da, 11:49an Jauntsaras igarotzeko. Handik Berueteraino igoko da Basaburutik atera eta Aldatzerako bidea hartzeko. Hurrengo esteka honetan ikusi dezakezue ibilbidea osorik eta xehetasun guztiak: https://www.korrika.eus/eu/ibilbidea.

Kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da. Interesdunek Korrikako bulegoekin jarri daitezke kontaktuan, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru ekarpena egiteko.

AEKtik jakinarazi dutenez, gainera, ibilbidearen xehetasunak (ordutegiak, esaterako) eta ekimenaren beraren unean-uneko egoera kontsultatu ahalko da gailu adimendunetarako KORRIKA aplikazioaren bidez. Aurten, programak hainbat berrikuntza dakartza: bilatzaile hobetua eta estaldura arazoak ekiditeko sistema berria. Aplikazioa eskuragarri dago dagoeneko Android eta IOS sistema eragileen dendetan.

 

 

Erlazionatuak

Aizarotz, 22. Korrikaren bideoklipan

Basaburua

Atzo aurkeztu zuten 22. Korrikaren abestia eta bideoklipa, Iruñeko Golem Baiona zinemetan. "HitzEkin" izenburupean, Nerea Urbizuk zuzendu du...