Neurri bereziekin bada ere, Olentzerok eta Mari Domingik eskualdea bisitatuko dute gaur

Amezti.eus 2021ko abe. 24a, 11:11

Haur nahiz helduendako data berezia izan ohi da abenduaren 24a. Aurtengoan ere, babes neurri bereziekin bada ere, Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita jasoko dute gure eskualdeko herri askotan. Ongietorriari buruz Udalerri bakoitzetik eman diguten informazioa jaso dugu artikulo honetan.

Imotzen, Erason eginen diete ongietorria Olentzero eta Mari Domingiri, arratsaldeko 18:30ean.

Basaburuan, Igoan eta Gartzaronen izanen dituzte bisitak alde batetik, eta udalerri mailan, berriz, Jauntsaratsen antolatu dute bisita: herri bakoitzari ordutegi bat eman diete antolatzaileek pilaketak ekiditeko, eta beraz, dagokien orduan egin beharko dute herri bakoitzeko biztanleek Olentzero eta Mari Domingi agurtzeko bisita. 

Ultzaman, herri bakoitzak antolatu ohi du gaurko eguna, beraz, udalerri mailan ez da ezer izanen. Berdintsu gertatu da aurtengoan Odietan ere: koronabirusaren egoera dela eta, udalerri mailan ezer ez antolatzea erabaki dute. Herrietan zerbait eginen ote duten beste kontu bat da.

Atetzen, Eritzegoitin eginen diote harrera Olentzerori, arratsaldeko 18:00etan. Gainera, bertaratzen direnek txokolate beroaz gozatzeko aukera ere izanen dute. Antolatzaileek gogorarazi dute segurtasun neurriak bete beharko direla, besteak beste, maskarila eta distantziak.

Anuen ongietorririk ez da izanen, guk dakigula. Bukatzeko, Lantzen ere izanen dute Olentzeroren bisita, hori bai, iaz bezala, kalean beharrean, herritarrek etxeko leiho eta balkoietatik izanen dute bera agurtzeko aukera.