Donostian ikasi zuen balleta eta jazz dantza, eta 17 urterekin Madrilera joan zen Alicia Alonso Dantza Institutuan ikastera. Denbora gutxira eskola utzi eta bere kabuz hasi zen ikasten, akademietan eta musika arloko ikuskizunetan parte hartuz. Donostiara bueltatu zen gero; han kinesiologia ikasi eta dantza klaseak ematen hasi zen. Han eman ditu azken urteak, baina orain eskualdera itzuli eta gurean zabaldu nahi du dantza.
Noiz eta nondik nora hasi zinen balleta ikasten?
Lau bat urte nituela hasi nintzen. Nire ama euskal dantzetan aritu zen, eta berak balleta egin nahi zuen txikitan, baina nire amonak ezetz esan zion, hori jende aberatsarentzako gauza zela eta. Oso ohikoa zen lehen hori pentsatzea. Horrela, nire amak pentsatu zuen: “Noizbait alabarik badut, balletera joanen da”. Hasieran joko bat bezala izan zen niretzat, eta pixkanaka geroz eta ordu gehiago sartzen hasi nintzen, ia konturatu gabe! Ikusi nuen horrekin bizi nahi nuela.
Diziplina handiko kirola da, ezta?
Bai, diziplina badago, baina maitasunarekin ere egin daiteke. Agian buruan duguna eskola errusiarra da, eta egia da oso zorrotzak direla, baina ez du zertan horrela izan. Gauzak eboluzionatzen eta aldatzen doaz. Diziplina izan dezakezu, eta guk horrela egiten dugu, baina maitasunarekin eta enpatiarekin. Eta noski, kontuan hartuz [klasean] aurrean dituzunak umeak direla eta ez profesionalak.
“Diziplina egon badago balletean, baina maitasunarekin eta enpatiarekin egin daiteke”
Umeendako eta helduendako ikastaroak prestatu dituzu. Ez dago balleterako adin mugarik?
Inoiz ez da berandu balleta dantzatzen ikasteko! Beti dago nozio hori ballet klasikoa bakarrik umeentzat eta profesionalentzat dela, baina ez da egia. Onura asko ditu, eta helduentzako hastapen gisa oso kirol ona da. Azkenean, espresioa asko lantzen da eta norbere gorputza ezagutzea ere garrantzitsua da, normalean denbora asko pasatzen baitugu eserita, gorputzari kasurik egin gabe... Aldi berean, buruarentzako ere ona da: ariketak ikasi beharra dira momentuan eta hori ere lantzen da. Beti jar daitezke klase errazak, pixkanaka hobetzen eta aurreratzen joateko.
Ballet ikastaroak Jauntsaratsen:
-Aurre-dantza (4-5 urte), asteazkenetan
-Ballet I (6-7 urte), ostegunetan
-Ballet II (8-10 urte), astearte eta ostegunetan
Moderno eta jazz:
-Moderno/Jazz +11 urte: asteazkenak, 18:30-19:30
-Moderno/Jazz helduak: asteazkenak, 19:30-20:30