Oztopoak oztopo, aurten ere Olentzero ikusteko aukera izanen dugu

Amezti.eus 2020ko abe. 23a, 14:02

Leku batzuetan leihotik edo balkoitik, Larraintzar eta Lantz kasu, ikusteko aukera izanen da. Beste batzuetan, Eritzen esate baterako, herriko plazan baina segurtasun neurriak betez. Aurten ezinen diogu gertutik eskutitza eman, beraz, baina Olentzero eskualdera hurbilduko dela jakitera eman du.

Urtero bezala bihar dute hitzordua Olentzerok eta Mari Domingik, Euskal Herriko umeei opariak banatuko dizkiote eta gure eskualdera ere hurbilduko dira.

Eritzen, Atetzen, arratsaldeko 18etan da hitzordua. Herriko plazara hurbilduko da Olentzero, eta ikustera hurbildu daitezke umeak, musukoa jarrita eta segurtasun neurriak betez. Hori bai, musukoaren azpian "inoiz ikusi ez den irrifarrerik handiena" eramateko eskatu die haurrei, "oraindik ez baita asmatu irria kenduko digun muxukorik".

Lantzen etxetik ez ateratzea eskatu diete haurrei, baina kalejira eginen du herrian eta leihoetara eta balkoietara ateratzea eskatu diete, agurtzeko.

Antzekoa izanen da Larraintzarren, Olentzero eta Maridomingi etxez etxe joanen dira opariak banatzen. Atarian utziko dituzte eta bertan ere leihotik eta balkoitik agurtu beharko dituzte.

Imotzen herriz herri egin dute hitzordua aurten. Goldaratzen hasiko dira arratsaldeko 17etan. Ondoren, Latasa (17:30ean), Eraso (18etan), Etxaleku (18:30ean), Oskotz (19etan), eta Muskitz (19:30ean) igaroko dituzte.

Aurretik, abenduaren 22an, eskolako azken egunean, Ohianzabaletik ere pasa ziren Olentzero eta Mari Domingi.