Pulunpeko edukiak

KUDEA>Go! Eskualdean autoa partekatzeko proiektua

Amezti.eus 2020ko uzt. 29a, 09:35

Mugikortasun konpartiturako proiektua martxan jarri du Patxi Miranda aizaroztarrak: KUDEA>Go! izena du plataformak, eta 3.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietako jendeari beraien artean bidaiak elkarbanatzeko aukera emanen die.

Landa eremuko herri eta eskualdeen ohiko arazoa izaten da garraio zerbitzu publiko eskaintza txikia dutela eta batetik bestera mugitzeko autoa erabiltzea kasik beharrezkoa dela. Gure eskualdean ere gauza bera gertatzen zela ikusita, Aizarozko (Basaburua) Patxi Mirandari ideia bat bururatu zitzaion duela sei urte: zergatik ez mugikortasun konpartiturako egitasmo bat martxan jarri? Autoa partekatzeko talde bat abian jarri zuen orduan proba gisan, eta urteotan egitasmoak izan duen arrakasta eta erantzun ona ikusita, herritar guztiei zabaltzea dute orain asmo.

 

Sei urtean partekatutako 3.285 joan-etorri

 

Autoa partekatzeko sortu zuten talde horretan parte hartu dute gure eskualdeko 60-70 pertsonak. Miranda izan da talde horren administratzailea, eta denbora honetan egon diren eskaeren eta bidaien kontaketa egin du berak. Ibilbidea partekatzeko eskaerei dagokienez, 4.380 izan dira. Eta eskaera horietatik 3.285 izan dira aurrera eraman diren bidaia partekatuak. Ez da gutxi gurea bezalako eskualde txiki baterako, ezta? Bada, Mirandak urteotako bidaia partekatuok zenbat CO2 isurpen ekidin dituen kalkulatu du: 14.782,5 kg CO2 gutxiago isuri dira atmosferara.

 

Emaitza on horiek eskuetan, elkarrekiko mugikortasunerako plataforma digitala sortzeari ekin zion Mirandak, egitasmoa hobetu eta eskualdeko jende guztiari zabaltzeko asmoarekin: “Datu erreal eta harrigarri horiek oinarri, kontuan hartuta Europako Parlamentuak larrialdi klimatikoari aurre egiteko eskaria egin diela gobernuei eta gizarteari, pertsonen zerbitzura jartzeko plataforma digitala lantzen hasi nintzen”, azaltzen du egitasmoaren bultzatzaileak.

 

Landa eremuari dagozkion hiru alderditan izanen du eragina sortzen ari den plataforma berriak: ingurumenean, despopulazioan eta batetik bestera mugitzeko aukera berdintasun ezean. Komunitatearen kohesioari begira eta alderdi sozioekonomikoari begira ere egitasmoak onurak ekar ditzakeela uste du aizaroztarrak. Erabiltzaileek, gainera, ez dute inongo hartu-eman ekonomikorik plataforma honetan.

 

KUDEA>Go! plataforma, hemendik gutxira deskargatzeko moduan

 

Plataforma berria garatua du honezkero Mirandak, eta Apple Storeren balidazioa jasotzeko esperoan dago elkarrizketa egin diogun momentuan. Behin hori lortuta, Play Storeren balidazioa ere eskatuko dute, eta denbora tarte txikian aplikazioa deskargatzeko eta erabiltzen hasteko moduan izanen dela aurreikusten du garatzaileak.

 

Tresna denendako eskuragarri dagoenean eskualdeko herritarrek erabiltzea besterik ez da geldituko. Izan ere, horrelako proiektu batek arrakasta izan dezan nahitaezkoa izanen da beraien parte-hartzea.