Azterketa gainditu dutela uste du zuzendaritzak; eta, argi du, bikain bat merezi dutela Familiek. Heldu den ikasturtea nola hasiko den ez dago argi oraindik. Bitartean, aurtengoa aurrera ateratzea lortu dutela uste dute.
Patxi Moreno, zuzendaritza
“Telebistaren bidez jakin genuen. Ostiralean, larunbatean eta igandean goizeko bederatzietatik gaueko hamarrak arte lan egin genuen, astelehenean bertan klaseak nola eman asmatzeko eta harremanetarako kanalak asmatu eta kudeatzeko. Oso eskertuta gaude familiek eskaini diguten laguntzagatik, haien erabateko inplikazioa funtsezkoa izan baita dena aurrera eraman ahal izateko.
Zuzendari moduan zorte handia izan dut, alboan ditudan taldekideak oso prestatuta eta konprometituta egon direlako. Bata teknologia berrietan oso jantzia, besteak familien egoera bereziak bikain ezagutzen ditu, eta hirugarrenak egoera desberdinak planifikatzeko gaitasun itzela dauka.
Ikastetxean genituen ordenagailu eramangarriak eta chromebook-ekin arazo gehienak konpondu genituen. Familiei galdetu genien eta ez zituztenei banatu genizkien. Dena den, zonalde honetan dagoen arrakala digitala beste motatakoa da. Herri eta auzo askotan ez dute zuntza optikorik, eta beste leku askotan internet konexioa oso eskasa dute. Baina herri batzuetan arazo larriari aurre egin diote; Gaskuen, adibidez, herri mailan oso azkar mugitu ziren eta oso konexio txarra izatetik askatu dira betiko.
Ikasleak 5 hilabetez ikastetxera etorri gabe egongo dira. Eta ez dugu ahaztu behar ikasle askoren kasuan ikastetxea dela euskaraz aritzeko eremu bakarra. Horregatik Hizkuntza Proiektuan dauden irakasleek datorren urteari begira jarduera batzuk prestatuko dituzte”.
HH -Itziar Barberena
"Familia bakoitzak bere egoera pertsonala izan du, eta gu saiatu gara ulertzen eta laguntzen.
Seme-alabak etxean, pandemiaren eragina, eta, gainera, gure proposamenak jarraitu beharra zuten. Egin behar asko dira. Gure helburua ikasleekin eta familiekin kontaktuan jarraitzea izan da. Nola sentitu diren jakitea. Ulertuak eta babestuak egotea izan da garrantzitsuena.
Umeek beraien artean erlazionatzeko jolasa erabiltzen dute. Jolasen bidez bere emozioak eta bizipenak islatzen dituzte. Orain lagunekin harremana berreskuratzeko unea ailegatu da”.
LH- Josune Gago
"Lan egiteko modua ezberdina izan da lehen eta azken mailetan, plataforma edo aplikazio ezberdinak erabili baitira. Adin bakoitzera ahalik eta hobekien moldatzea eta lana erraztea zen helburua. Autonomia aldetik azken mailetan errazago moldatu dira, baina hala ere, ohitzeko lan izugarria egin behar izan dute. Txalotzekoa benetan egindako esfortzu guztia".
"Dudarik gabe erreferenteak familiak izan dira. Tutoreak etengabe aritu dira familiekin harremanetan eta lanak ikasleen mailara egokitu dituzte, lan pertsonalizatuak eginez. Baina dudarik gabe oinarria familiak izan dira. Ikasleen, gurasoen eta irakasleen laguntzaz, denak elkarrekin lanean, lortu dugu ikasturtea aurrera ateratzea".
DBH - Elixabete Aranburu
"Ikasleendako lehenengo astea gogorra izan zen: arazo teknikoak, online plataforma batera egokitzea, antolakuntza, lan karga eta imajinatzen ahal diren egoera guztiak jaso genituen, senideren bat isolamendu egoeran edukitzea barne. Zaharragoak izateak autonomia gehiago ematen die zalantzarik gabe. Dena den, ez da erraza izan beraientzat: nerabeak dira eta haien parekoekin kontaktua behar dute".
"Ikasketek gizartean duten garrantzia agerian gelditu da. Jokoan ez da nota bakarrik egon; ikasleek ikasten jarraitzea izan da helburu nagusia. Zentzu horretan irakaskuntza gizarte osoaren oinarrizko eskubide eta askatasun iturri bezala sentitu dugu".
Ioseba Otegi, Aitor eta Irati – Zenotz (Ultzama)
“Etxean txandaka ibili gara. 15 egun egon ginen lanik egin gabe, baina, gero, ni goizez joaten nintzen lanera eta Itziar, arratsaldez. Kaixo eta agur esaten genion elkar. Orduan, goizean Itziar egoten zen umeekin eta ni arratsaldean. Bera izan da eskolaz gehien arduratu dena, gehien bat goizetan bidaltzen baitzieten etxeko lanak.
Iratik izan du lan gehiago eta berarekin egon gara gehien bat, maila altuagoa baita berea. Aitorrendako alde emozionala izan da zailagoa, lagunekin jolastu nahi hori eta etxe barruan egon behar izate hori. Bere kasuan irakaslea ere gainean egon da eta gauzak bidali ditu, baina beste modu batean. Oso ongi portatu dira, oso ongi ulertu dute egoera”.
Laura Juamperez, Unax eta Manex- Eguaras (Atetz)
Laura: “Niri telelanean aritzeko aukera eman didate eta txikiekin izan naiz etxean. Aitona-amonek txikiak zaintzea saihestu nahi genuen, arrisku taldean baitaude. Umeak lagundu behar izan ditugu 7 eta 8 urte baitituzte, hau da, ez daukate autonomiarik etxeko lanak bakarrik egiteko, antolatzeko, ordenagailua erabiltzeko...
Zailena telelana eta txikien zaintza uztartzea izan da. Lanak ez du bulegoan egindakoaren emaitza bera ematen, ezin duzu arreta bera jarri. Horregatik, ordu gehiago ematen ditugu lanean.
Hezkuntza Departamentuaren erantzuna urria izan da, ardura guztia familiek eta irakasleek hartu behar izan dute. Nabarmentzekoa da ikastetxeak, irakasleek eta gurasoek egindakoa. Egoerak eskatzen zuen mailan izan gara erraza izan ez den arren”.
Unax eta Manex: “Bai, pixka bat zaila izan da baina aitak eta amak lagundu digute eta irakasleek etxeko lanak bidaltzeko egun gehiago utzi dizkigute. Familia eta gure lagunak ez ikustea izan da zailena”.