Koronabirusa

Koronabirusaren hedapena ekiditeko, udalek hartu dituzten neurriak

Amezti.eus 2020ko mar. 16a, 13:18

Arreta telematikoa eta instalazio publikoen itxiera, eskualdeko udalen neurrien artean. Etxean bakarrik dauden edo beharra duten pertsonei laguntza eskainiko zaie Gizarte Zerbitzuen bitartez.

Bandoa zabaldu dute Internet bidez Basaburuko, Ultzamako eta Odietako udalek.

Basaburuko Udalak arreta eta tramiteak telefonoz eta telematikoki eginen ditu ohiko ordutegian (9:30-13:30) 948 50 30 35 telefonoan. Bestalde, jendea biltzen dituzten gune publikoak itxiko ditu, hau da, kiroldegia, Apeztegiberriko ganbara, Aizarozko Kultur Etxea eta Basadin elkarteko egoitza. Gainera, etxean bakarrik dauden edo beharra duten pertsonei laguntza eskaintzen die Gizarte Zerbitzuen bitartez (948 30 53 53) edo udalera deituz (948 50 30 35).

Ultzamako Udalak, bere webgunean adierazten duen bezala, zerbitzuren bat beharrez gero telefonoz deitzea eskatu du 948 30 51 15 telefonoan edo ayuntamiento@ultzama.es helbide elektronikora idaztea. Kirol instalazio guztiak, Zentro Zibikoa eta Udal Haur Eskola itxi ditu, baita ekitaldi guztiak bertan behera utzi ere.

Ultzamako Gizarte Zerbitzuei dagokionez, arreta ordutegia mantendu egingo da eta bulegoak zabalik izanen dira, baina bakarrik behar-beharrezkoa denean joatea eskatu dute. Horregatik, joan aurretik telefonoz deitzea gomendatzen dute 948 30 53 53 telefonoan. Izan ere, bulegoan sartzeko tinbrea jo beharra dago, eta banan-banan sartuko dira pertsonak, barruan jende multzoa bildu ez dadin. Gizarte Langilearekin egoteko aldez aurretik hitzordua eskatu beharra dago.

Odietako Udalak arreta telematikoa bakarrik eskainiko du martxoaren 30era bitarte, 948 30 72 58 telefonoan edo odieta@odieta.es helbide elektronikoan.