Zer nabarmentzen duzue zuen programan?
Lehenik eta behin, gure ustetan, garrantzitsua da gauzak egiteko modua. Bizilagunen iritzia kontutan hartuz eta gardentasunez jarraitu nahi dugu gauzak egiten. Eduki edo proiektuari berari dagokionez, gizarte irekiago eta parekide bat lortzeko apustua egiten dugu. Azpiegiturak hobetu eta berriak sortu nahi ditugu kalitatezko zerbitzuak edukitzeko: banda zabala hedatu, eskola behar bezala mantendu eta egokitu, gimnasio bat eraiki... Eta dudarik gabe, ingurumena eta baliabide naturalak zaindu eta arduraz kudeatzea.
Demografiak behera egin du azken urteotan gure eskualdean, honi aurre egiteko neurririk jarriko al duzue martxan?
Jakina da jendeak landa eremuan bizitzeari uzten diola bereziki zerbitzu eta lana faltagatik. Horregatik, lan aukera berriak sortzeko proposamen zehatzak ditugu, besteak beste autonomo berriei laguntzak ematea eta garapen jasangarriko bailarako proiektuei diru-laguntzak ematea. Eta bestetik, zerbitzuak hobetzeko eta berriak sortzeko proposamenak ditugu: poligonoko partzelak egokitzea, banda zabala etxeetara iristea, gimnasio bat eraikitzea, eskola egokitzeko inbertsioak egitea...
Zein da euskararekiko zuen jarrera?
Legealdi honetan egin dugun moduan, euskararen normalizazioaren alde eta ultzamarron hizkuntza eskubideak bermatzeko lan egiten jarraituko dugu. Era berean, euskararen erabilpena sustatu nahi dugu, beraz, baliabideak eta diru-laguntzak emanen ditugu helburu horri erantzuten dioten proiektuak laguntzeko. Azkenik, euskara ardatz hartuta, eleaniztasuna helburu duen eskolak martxan jarritako Hizkuntza Proiektuan parte hartzen jarraituko dugu, ikasleek egungo gizarteak dituen erronkei hobeto aurre egiteko.