Zer nabarmentzen duzue zuen programan?
EH Bilduk orain arte aurrera eramandako politikak atzera botatzeko lan eginen du Agrupación Ultzamak. Bailara, ingurumenean aurrerakoia eta jasangarria izateagatik aintzat hartua, geldi egotera pasa da, eta atzerakoia izatearen adibide da egun.
Demografiak behera egin du azken urteotan gure eskualdean, honi aurre egiteko neurririk jarriko al duzue martxan?
Ez nago ados ideia horrekin, bailaran ez da demografia jaitsi, hain zuzen ere, kontrakoa. 60Ko hamarkadan izan zen jaitsiera nabarmena: Herrialde guztian bezala, landa eremutik hirira gertatutako exodoarengatik, 1960an 2.108 biztanle izatetik 1.673 izatera pasa ginen 1973an. Baina azkeneko 50 urteetan kopuru hori mantendu du Ultzamak. Zergatik? Ultzaman izandako jarduera berritzailearengatik eta garapenaren ondorioz. Golf zelaia, Zaldiak, Holstein ustiategia, Danone, poligonoa, horren adibide dira. Haiei esker biztanle kopurua baino handiagoa da lanpostu kopurua, eta ondorioz, biztanleria egonkorra da: 1.650 datuaren inguruan ibiltzen da beti.
Horrela, Ultzaman ezarriko diren proiektuak eta enpresak erakartzeko helburuarekin jarraituko dugu, enplegua sortzeko. Halaber, Agrupación Ultzamak hirigintza ordenantzak aldatzeko apustua egiten du, etxebizitzen zaharberritzea errazteko eta berriak eraikitzeko. Horren harira, aukerak aztertuko dira hemen eraiki nahi duten bizilagunen aportazioak gutxienera jaisteko. Hemen bizi eta lan egin nahi duenak helburu hori betetzea nahi dugu.
Zein da euskararekiko zuen jarrera?
Euskara pertsona guztiak batzeko lagundu behar digun hizkuntza izan behar duela uste dugu, ezagutzen dutenek askatasun osoa izan dezaten erabiltzeko eta hitz egin ezin dutenak errespetatuz. Administrazioan euskaraz egin nahi dutenen herritarren eskubidea bermatu beharrean gaude, bere erabilera normalizatuz, beti ere inongo inposaketarik gabe. Ultzamarrek haien seme-alaben eskola eredua askatasun osoz aukeratzeko eskubidea dute, administrazioan nahiago duten hizkuntza erabiltzeko, nahi bezala komunikatzeko. Ez dugu inposaketarik onartuko, ez euskeraz, ez gazteleraz; ezta hezkuntzan, lan kontratazioetan ere, ezta gutxiago ere eguneroko elkarbizitzan.