Urtezahar eta urteberri

Txurdan 2019ko urt. 3a, 13:40

Urtezahar eguna eta gaua.

Urtezahar goizez, txango ederra egin dutenak ere baditugu Imotz aldean, Irurtzungoekin batera Erga mendira joaten baitira. Eta Irurtzungo Iratxe elkartekoek bildutako guziei otamen bikain bat eskaintzen die.

Urtezahar gauean, beti bezala, Etxalekun eta Itsason urtero bezala uraren erritu zaharra berritu dute.

Aurten ere, ur berria banatzen ibili ziren, etxez etxe, urteberrian sartu bezain agudo, gazteak eta ez hain gazteak. Gure alderdian, herri hauek dira ohitura honi eutsi diotenak. Bestalde esan behar, orain urte pare bat, Atetz aldean ibili zirela berreskuratzekotan. Nola ote dira kontu haiek?

Ur goiena, ur barrena…

Azken aste hauetan lehorrak jo eta goitiko urik ez dugu izan, elurra gutxiago. Hala ere, barren edo azpiko urak ez digute huts egin.

Urte berri, egun ona

Egun onan señalea.

 

 

Urteberritan.

Eta urteberri goizean, San Bartolomen Imoztik joandakoak biltzen dira. Talde polita bildu zen herenegun.

Anue aldean, berriz, Burdindogira, urteari hasiera osasuntsu bat emateko.

Eta Ultzama aldean? Bezperako San Silbestre lasterketaz gain beste zerbait egiten ote dute?

Urteberritan haurrek urtatsak egiten dituztela badakigu, Olague, Urritzola eta beste zenbait herritan. Eta horien fotografiak atera ditugu gaur bertan.

Honekin batera, Etxalekuko Urteberriko eskeaz eta, San Bartolomeko txangoaz fotografiak.