Sabela betea eta giro alaiean ospatu zituzten bestak Urritzola-Galainen

Amezti.eus 2018ko abu. 27a, 11:23

Urritzola – Galaingo bestak abuztuaren 11tik 15era ospatu ziren, giro ederrean eta herriko nahiz inguruko jende askoren partaidetzarekin.

Iñaki Ezkurra Osakar

Bestak larunbatean hasi ziren, eta herriko gizonek 120 lagunentzat prestatutako herri afaria ekitaldirik deigarriena izan zen. Gero “hauspolariek” taldearekin dantzaldia izan genuen, giro ederrean eta plaza gainezka zegoela.
Igandean herriko etxeetan zehar osatzen diren 3 kalejiretatik lehena ospatu zen. Ekitaldi hau bestetako nagusiena da, herri guztiak parte hartzen baitu, umeetatik aitetxietara. Ondoren, eta arratsaldea girotzeko, “Los Tajudos del Norte” maritxiak heldu ziren. Eguna, Pablo Marqués eta Nati Cia herrikideek bizilagun guztiontzat prestatutako ajoarriero afari oparoarekin amaitu zen.
Astelehenean Galaingo eguna izan zen eta ekitaldi guztiak auzo honetan ospatu ziren. Zikiro erara prestatutako antxume-jatearen ondoren, kalejira osatu zen Galaingo etxe guztietan zehar.  
Asteartea babak txerri-buztanarekin, ardi txuleta, tirri-tarra eta azalekoz osatutako ohizko gosari-bazkariarekin hasi zen. Besta hauetako erritmoa eta azken kalejira indarrez irauteko menu sendoa. Gauean herriko emakumeek prestatutako herri afaria izan zen eta ondoren “Hauspolarien” dantzaldia goizalderarte. Gau hartan, eta kanpoko jende gutxiago etorri arren, giro ezin hobea egon zen herriko jendea oso alai zebilelako.
Asteazkenean herriko patroia den Ama Birjinaren egunarekin bestak amaitu ziren. Goizean meza santua ospatu eta ondoren herriko zaharrei omenaldi txiki bat eskaini zitzaien. Arratsaldean txiki eta helduen ohizko herri kirol txapelketa antolatu zen, eta tortilla eta beste jakien lehiaketaren afari-merenduarekin bestei amaiera eman zitzaien.
Laburpen bezala, besta ederrak mundu guztiarentzat auzolanean gozamen eta giro alaiean egindako lan askorekin (karparen muntaia, afarien antolakuntza eta sukaldatzea, barraren txandak, kalejiren musika, herri kirola, garbiketak…). Aipamen berezia gaztetxoentzat, helduei ekintzen antolakuntzan lagundu izanagatik eta haietan zinez gozatu bait dute (Ginkana, larunbat arratsaldeko dantzaldia, astearteko haur jolasak, asteazkeneko entzierro-txiki eta herri kirolak, egunero herrian egon den puzgarria, kalejiretako txutxeak…)
Hurrengo urteko bestak hurbilago daude!!!!!

Erlazionatuak

Urritzola-Galaingo bestak

Amezti.eus 2018 abu 28 Ultzama