Elkarrizketak

Maite Mutuberriari elkarrizketa

Amezti.eus 2018ko eka. 8a, 14:16

Maite Mutuberria: "nire kuadernotik atera nahi izan ditut marrazkiak eta istorio berri bat kontatu, nirea bakarrik ez zen istorio bat"

Maite Mutuberria Larrayoz eltzaburuarrak argitaratu berri du Lohia, bere azkeneko ilustrazio eleberria. Besteak beste, Leire Bilbao, Ander Izagirre edota Iñigo Astiz idazleekin batera lan egin eta gero, bakarrik egindako lehenengoa. Bi urteetan, grafitoz egindako marrazkiez osatutako liburua da, norberaren hitz jokoekin eta baita Rilke edota Virginia Woolfen aipuez josia. Jada 20 proiektutan egin du lan eta sari ugari eskuratu ditu: Etxepare saria 2013, Peru Abarka 2014 edota Lazarillo saria, batik bat. Azkenekoa, Rikardo Arregi Sare Berezia, pasa den urtean.


- Bakarrik egindako lehendabiziko liburua, nola sentitu zara?
Egia esan oso gustura egin dut. Idazleek testuak bidaltzen dizkidatenean, eta zerbait polita egin dezakedala ikusten dudanean, oso gustura ere egiten dut lan. Baina, kasu honetan, batez ere liburuaren osotasunean pentsatu dudalako, oso polita izan da prozesua. Liburuari zer antolaketa eman, zer mezu bidali nahi nuen, zer papera erabili, guztian pentsatu dut nik neuk. Gainera, ilustratzaile lana ez dut apaingarri gisa ikusten, komunikazio lana dela ulertzen dut, nire burua egile gisa ikusten dut.


- Grafitoz egindako marrazkiak, bat-batekoak dirudite, horrela al da? argitaratu aurretik ez dute lanketarik izan?


Liburuaren jatorria koadernoan egindako marrazkietan dago. Bolada ilun batean nengoela, marrazkiak egin nituen koaderno batean eta hori izan zen nire ihesbidea. Aurrerago, marrazki horiek hartu nituen eta liburu forma eman nion. Nahi izan nuen nire koadernotik marrazki horiek atera eta istorio berri bat kontatu, nirea bakarrik ez zen istorio bat. Nahiz eta liburu forma hartu, bai mantendu nuen bat-batekotasun hori, badirudite zirriborroak direla, egilearen izaera eta sentimenduak argiago azaltzen dutelako, espresibitate eta intimotasun hori. Lana, gehien bat, konposizioaren aldetik izan da: zer ordena eta zer narratiba eman, hau da, lehen zentzu handirik ez zuenari zer zentzu eman.
- Aurreko lanekin konparatuz ezberdinak dira, bai kolorearen aldetik, bai materialaren aldetik, zeren arabera aukeratzen duzu marrazkiak egiteko estiloa?
Estiloari buruz asko galdetzen didate, normalean asko aldatzen dudalako lan batetik bestera. Hain zuzen ere, hasi nintzenean, nik nire estiloa aurkitu behar nuela gomendatu zidan ilustratzaile batek. Beti gogoratzen dut gomendio hori zeren niri ez baitzait estilo bakarra ateratzen. Liburuaren arabera teknika eta tresnak aldatzea atsegin dut, horrek ere laguntzen nauelako istorioa kontatzen. Lohiarekin jendea harritu egin da aurreko lanen estiloaren oso ezberdinekoa baita, eta ez zuten espero, baina agian inkontzienteki hau da gehien ateratzen zaidan estiloa, nire koadernoetan erabiltzen dudan estiloa, nirea sentitzen dudana. Agian jendeak beste lan batzuk identifikagarriagoak ikusten ditu, baina nire ustetan, hau naiz ni.

"Jendea harritu egin da aurreko lanen estiloaren oso ezberdinekoa baita Lohia eta ez zuten espero, baina agian inkontzienteki hau da gehien ateratzen zaidan estiloa, nire koadernoetan erabiltzen dudana, hau naiz ni"

- Marrazkiekin batera hitz jokoak eta aipuak daude, Lohiak mezurik helarazi nahi al du? bizipen pertsonal batetik ateratako mezu unibertsal bat?
Testu gutxi batzuekin jolastu dut, irudia eta testuaren arteko dantza hori sortu nahian. Testuak irudia irakurtzen laguntzen zaitu, beste irakurketa bat egiten, eta alderantziz. Guzti hori amaieran etorri da. Mezuarena... batzuetan galdetu didate ea terapia modukoa izan den, eta nik ez dut horrela ikusten, baina liburuak bai lagundu dit zer gertatu zaidan ulertzen. Hitz horiek jartzerakoan, adibidez kontrazalan dagoen testua, izena eta izana eman nahi izan diot. Guzti honen atzean dagoen mezua hau da: guztiek daukagu lohia barruan eta lohi hori ez dugu zertan garbitu behar. Baina ez dut 'autolaguntza' moduko liburu bat egin nahi izan, ez da hori, baizik eta nire bizipena kontatu, nola ikasi dudan lohi horrekin bizitzen, nik uste dut guztiek daukagula lohia eta egin dezakegun gauza bakarra da horrekin bizitzen jakitea eta ez hori garbitzea.


"Guzti honen atzean dagoen mezua hau da: guztiek daukagu lohia barruan eta lohi hori ez dugu zertan garbitu behar"

- Hitz joko horietako bat, adibidez, Arrakasta-Arrastaka da... artista baten beldurrik handienetakoa sormen krisia pairatzea izan daiteke, zure kasuan, ordea, sormena izaten da momentu txarrei aurre egiteko tresna?

Orain ikusten dut ondorioa liburu hau egitea izan dela, eta oso pozik nago horregatik. Baina momentu hartan, koaderno hori egiten ari nintzenean, bai sentitu nuen krisia, lanak ez zitzaizkidan nik nahi nuen bezala ateratzen. Adibidez, teknikarekin froga asko egin nituen eta ez nuen estilo berri hori topatzen. Gero liburuarekin topo egin dut, baina ez da bilatua izan.


- Aurkibidean ikusi daiteken modura, azalean barrena egindako bidaia dirudi liburua...Oso gutxi egiten al dugu hori gure gizarte honetan?

Norbait horrelako bolada bat pasatzen ari bada zerbait txarra dela ulertzen dugu. Ez daukagu gaitasunik gertatzen zaiguna ulertzeko eta horri hitzak jartzeko. Nik barrurantz sartzeko prozesu moduan bizi izan dut, nire zaurian sartzeko prozesua, lur geruzan sartuko banintz bezala: geroz eta likatsuagoa, lurrean hasten gara, bertan hankak dauzkagu, baina geroz eta korapilatsuagoa bihurtzen da, eta amaieran hautsa dago, gure amaiera eta hasiera. Lohian sartzea bezala ulertu dut, denok daukagun lohi horretan.


- Hain zuzen ere, irakurlea identifikatua sentitu daiteke zure marrazkiekin, emozioak oso grafikoki adierazten baitituzu, adibidez, sabela goitik bera irekia eta harriz betea duen pertsonaia, ez al da horrela?
Bai, gustatuko litzaidake norbaitek liburua ikusi eta identifikatua sentitzea. Azken asteetan beldurra sentitu dut hau partekatzeagatik, elkarrizketetan, eta batzuen emaitza ikustean ez naiz gustura sentitu. Baina norbaitek esaten didanean identifikatua sentitu dela, horrek bai laguntzen dit. Hala ere, nik ez dut uste liburuaren helburua hortik ateratzen laguntzea denik, baina bai niri hau pasa zaidala ikustean, irakurlea ulertuta sentitu daiteke, ez dagoela bakarrik, neurri batean lagundu dezake.


-  Eta nork bere burua ezagutzeko prozesu horrek lagundu al dezake zauriak ixten?
Nik uste baietz, ez dut esan nahi gauzak beltzak edo zuriak direnik, baina batez ere zauri horrekin bizitzen ikasten lagundu dezake. Ni, adibidez, ziurrago nago nire buruarekin, egiten dudanarekin. Ez dut esan nahi inposatutako 'be happy' lelo hori, baina, nik ikasi dut zauriak josten, ez ixten, baina bai josten.


- Euskaraz eta Gazteleraz argitaratu duzu Lohia, zure lanean bi hizkuntzak uztartu dituzu, zer garrantzia dauka euskarak zure bizitza profesionalean eta kulturan zer leku gustatuko litzaizuke izatea?
Ni Madrilen bizi izan naiz 7 urtez eta bertan gazteleraz lan egiten nuen, beraz, gazteleraz ongi moldatzeak lagundu dit. Baina nik uste euskarak gehiago lagundu nauela, Euskal Herrian kultura merkatu handia dago, eta Madrilen nengoen arren, Euskal Herrian hasi nintzen lanean. Euskaraz hitz egiteak eta euskal idazleen testuak jasotzeak lana eman dit, eta gainera oso gustura egiten dut lan euskaraz. Horregatik erabaki nuen liburu hau bi hizkuntzetan egitea. Argitaletxea Errioxakoa da eta beraiek ez zuten euskaraz argitaratzeko beharrik ikusten baina nik apustu hori egitea nahi izan nuen. Alde batetik, nire ama hizkuntza delako, eta bestetik, uste dudalako euskal merkatuari zor diodala. Nik, etorkizunari begira, euskaraz lan egiten ikusten dut nire burua, noski.