Europako ihesaldirik handiena izan zen Ezkabakoa. Orduan kartzela zen San Cristobaleko gotorlekutik ia 800 presok ihes egin zuten 1938ko maiatzaren 22an. Hiruk bakarrik lortu zuten muga zeharkatzea, besteak presondegira eraman zituzten berriz eta, asko fusilatuak izan ziren, baita gure eskualdeko herrietan ere. Mikel Gerendiain Azpiroz (Ziaurritz, Odieta): “El Drogasek sare sozialetan liburua gomendatu du eta aitortu du 45 urte bete zituen arte ez zuela ihesaldia ezagutu, Txantreakoa izanda. Beraz, utzi behar diogu esateari Gerra Zibilaren inguruan gehiegi hitz egiten dela, hori gezurra da. Ez dago hainbeste libururik edo pelikularik. Hori Espainiako eskuinak bultzatutako mito bat da”. Berak txikitatik pentsatzen zuen gertaeran, baina, Fermin Ezkietaren Los fugados del fuerte de Ezkaba liburua atera zenean, konturatu zen oso gutxi zekiela. Beste askoren artean, Ziaurrizko lau herritarren lekukotza jasotzen da Ezkietaren liburuan. Gerendiainek argi du liburu horretan dagoela Mauroren hazia. Ihesaldiaz ikasteko hura gomendatzen du, Mauro askatasun literarioz idatzitako fikzioa delako.
Bere lehenengo eleberria da Mauro, baina aurretik lau antzezlan idatzi ditu, horietako bat Algoritmos: “Jaietan antzezlanak egiten genituen elkartean, Cesarrek zuzenduak. Cesar hil zenean gidari lan hori hartzea erabaki nuen. Orduan, La revolución de los geranios azules idatzi nuen. Ondoren, beste bi, eta, azkenik Algoritmos. Azken hau Ziaurrizko talde berarekin estreinatu genuen, baina kanpora ere hainbat tokitara joan ginen”. Gerendiain 11 urtez liburu saltzailea izan da eta, orain, Geografia eta Historia irakaslea da.
-
Beti liburuez inguratuta, beraz?
Liburuekin maitemindua egon naiz, beti, eta tarteka zerbait idatzi dut. Ez dut egunero idazten, baina historia bat buruan sartzen zaidanean, osatu beharra daukat.
"Ez dut egunero idazten, baina historia bat buruan sartzen zaidanean, osatu beharra daukat"
-
Eta Mauro iritsi zen.
Idatzitakoa hainbat laguni bidali nien, nire buruarendako idazteko asmoarekin hasi nintzen arren. Baina idazten dugunok inpostore samar gara, idazten duguna benetan besteok atsegin izatea nahi dugulako. Gustukoa zutela sumatu nuen, eta orduan Daniri bidali nion, Walden liburu-dendaren arduradunari, Gomez liburu-dendan elkarrekin lan egin genuelako. Banekien zintzoa izanen zela, benetan pentsatzen zuena esanen zidala. Eta berak esan zidan Pepitas de calabaza argitaletxean ikusten zuela. Logroñoko argitaletxe bat da, 26 urte daramazki eta urte askoz Europako anarkismoaren inguruko saiakerak argitaratu dituzte, besteak beste, eta duela urte batzuk eleberriak ere ateratzen hasi ziren. Haiek mahai editoreak dira, hau da, bidaltzen dietena benetan irakurtzera esertzen dira, eta idazle berriak babesten dituzte. Horregatik asko atsegin dut eta oso pozik nago, Alfaguarak edo Seix Barralek argitaratu izan balute baino gehiago! Haietan bat gehiago besterik ez nintzateke izanen, eta ez ninduten hemen bezala tratatuko, oso gertukoak izan dira. Ihesaldiaren historia ezagutzen zuten, eta editoreak eleberria irakurtzeaz amaitu baino lehen deitu zidan.
-
Nola jaso zenuen albistea?
Oso ongi oroitzen naiz Lonbardian bisitan nengoelako deia jaso nuenean. Editoreak esan zidan, “berdin zait amaituta ez izatea, honezkero esaten dizut argitaratu nahi dudala!”. Nik pentsatu nuen, “gizon hau mozkorturik al dago?”. Baina hurrengo egunean, behin amaitu zuela, argitaratu nahi zuela berretsi zidan. Ez nuen espero. Urtebete ondoren kalean da.
-
Eta dagoeneko bigarren edizioa inprimatu duzue.
Liburua kontrolpetik at joan da, El Pais egunkariko Babelia kultura sailean agertu zenetik, batez ere. Liburua asteazken batean kaleratu bazen, astelehenean berriz inprimatzen ari ziren bigarren edizioa, hau da, lau egun geroago. Ea, ez da Perez-Reverteren ale kopuru bera, noski, baina 1.500 alekoa da tirada bakoitza, eta, beraz, 3.000 inprimatu dira. Horrek esan nahi du toki askotan interesa dutela, eta iruzkin asko jasotzen ari naiz, gustatu zaion jendearenak. Pentsatzen dut gustatu ez zaionak ez didala ezer esango (irriak). Baina harriturik nago.
-
Mauron ihesaldia aitzaki bat besterik ez da, benetan gizakiaren konplexutasunaz hitz egin nahi zenuela aipatu duzu.
Historikoki ihesaldiak ez zuen garrantzirik izan, ez zuen gerraren norabidean eraginik izan. Baina historiografia aldatu da eta gaur ez da historia duela 100 urte bezala egiten, aztertzen eta idazten. Orain historia soziala egiten da, eta ihesaldiak garrantzi izugarrizkoa du ikuspuntu sozialetik, memoria kolektiboan izan duen aztarna ere garrantzitsua da. Nik ez nuen ihesaldia izan zen bezala azaldu nahi, horretarako badaude liburu oso onak. Horregatik Mauron datu gutxi daude eta dena sotilagoa da. Nik pertsonaien historia kontatu nahi nuen, muturreko egoeratan bizi direnak, beren sufrimenduekin eta tragediekin. Denek hitz egiten dute lehenengo pertsonan, oso korala den eleberri bat da. Nik pertsonaiak nola sentitu zitezkeen kontatu nahi nuen: ihesean ari zirenak, presoen atzetik zindoazenak, herrietan bizi zirenak eta bat-batean presoak iristen zitzaizkienak. Eta ihesaldia kontatzeaz gain, haien historia pertsonalak ere kontatu nahi nituen. Krimen nobela bat irakurtzen duzunean asko gozatu dezakezu eta oso ona izan daiteke, baina niri hurrengo egunean ahaztu egiten zait, ezagutzen dudan zerbait kontatu didalako.
-
Nor dira pertsonaia horiek?
Paradoxa bat dago, Mauro da izenburua, hau da, pertsona baten izena du, eleberri korala den arren. Jolas literario bat sortu nahi izan dut hor, baina, eleberria irakurri ezean, ezin da ulertu eta ezin dut esan spoilerrik egin gabe. Pertsonaia garrantzitsuenak ihes egindako hainbat preso, ihes egin dutenen atzetik doazen jazarleak eta zeharkatzen dituzten herrien herritarrak dira. Iheslariak hiru dira nagusi eta perfil ezberdinetakoak; jazarleak, bi dira nagusiki: German eta Tomasito, bata nolabait tokatu zaiolako dago hor; eta, besteak konbikzio ideologikoaz egiten du; eta, azkenik, herritarrak: besteak beste, existentzia-krisi izugarrian dagoen apeza; eta, Basilisa, emakume fantasioso samarra, apezaren gelariaren alaba dena eta hilarriekin hitz egiten duena; Basilisa da gehien gustatzen ari den pertsonaietako bat, ameslari samar delako. Izan ere, historia gotorlekutik aldentzen doan heinean errealismotik ere aldentzen doa eta fantasiara gehiago hurbiltzen da, fantasia ez genero fantastikoaren modura, baina askatasun gehiago dago narrazioan. Iheslarien eta herritar hauen arteko bidegurutzea interesatzen zitzaidan, horretaz ohartu nintzen arte ez nintzen eleberriarekin hasi.
"Iheslarien eta herritar hauen arteko bidegurutzea interesatzen zitzaidan"
-
Eleberriko herriak Ziaurritzekin ba al du zerikusirik?
Eleberriko herriaren irudia, niretako, Ziaurritz da, bere atrioa duen elizarekin, apezaren etxearekin... nahiz eta Ziaurritz ez den, mugatik askoz gertuago dagoelako eta Iruñetik ez hain gertu. Gero, izen batzuk hartu nahi izan ditut, Basilisa bat bazen, adibidez, baina ez du eleberrikoarekin zerikusirik.
MAURO ELEBERRIAREN AURKEZPENA
Martxoaren 21a
Ostirala
Larraintzarko Bentan, 19:00etan