Santurbera igoko dira herritarrak igandean, normaltasunez

Amezti.eus 2022ko mai. 27a, 10:21

Urtero bezala, inguruko bailaretatik eta Nafarroatik herritar gehiago batuko zaizkie odietarrei. Igandean izanen da bueltan Santurberako igoera, sorpresaren batekin.

Alberto Urdaniz alkateak baieztatu digunez, aurten bai normaltasun osoz ospatuko da Santurberako igoera. Antolakuntzako dena dute prest honezkero, eta kuadrilen bazkarietarako egurra eskuragarri jarriko du udalak. Igande honetan izanen da Santurberako igoera hori, baina ospakizun erlijiosoak aurretik hasi ziren, 25ean, Santurbeko egunean, 45 bat lagun joan ziren mezara.

Igandeko ospakizunetan sorpresaren bat edo beste izanen da. Antzinako argazkiak, formato handian, jarri dituzte bai ermitan baita ermitarako bidean ere. Eta, gainera, banakako pilota txapelketako finala pantaila batean ikusgai jartzeko saiakerak egiten ari dira -bi nafar, Ezkurdia eta Laso lehiatuko dira txapela lortzeko-. Estaldura gutxiko tokia da Santurbe eta oraindik ezin digute baieztatu posible izanen den.

Urtero bezala, bai, hiru meza, aipatutako kuadrilen bazkariak, salmenta postuak eta musika izanen dira.