Txikitatik datorkizu kirolerako zaletasuna?
Kirolerakoa baino, mendirakoa, esanen nuke. Tira, nerabea nintzenean kirol gehiago egiten nuen, baina, Ziaurritza etorri ginenean mendira joaten hasi nintzen, bidexkak egiten… beti gustatu zait mendia ongi ezagutzea, eta gerora, lagun batekin hasi nintzen mendi martxak egiten. Korrikaren munduan bi lasterkari mota gaudela esaten dut nik: bata atletismotik datorrena, eta bestea, mendizalea dena, gerora hasten dena mendian lasterka. Ni bigarren taldekoa naiz.
"Ama langileok eskertzen dugu batzuetan bakarrik egotea, horregatik gustuko dut lasterka bakarrik ere egitea"
Bakarrik aritzen zara lasterka?
Astean zehar Erripako Letizia Altunarekin ere aritzen naiz, baina egia da azken urtean ez dugula gehiegi koinziditu. Normalean bakarrik joaten naiz, goizeko 5:30ean umeak jaiki baino lehen edo, eta bestela gauetan… egia esan, bakarrik aritzea ere gustatzen zait, ama langileok ere behar dugu batzuetan bakarrik egotea.
Entrenamenduak Ziaurritzen bertan egiten dituzu?
Aurreko urte arte lasterketetan ibiltzen ginen, niri distantzia luzeko lasterketak gustatzen zaizkit, ordu askotakoak, eta horretarako ez nuen hemen bertan entrenatzeko behar nuena, eta asteburuetan beste lekuetara mugitzen nintzen. Baina orain lasterketarik egiten ez dudanez, batez ere hemen inguruan ibiltzen naiz, paraje ederrak ditugu!
Zergatik aukeratu zenuen kirol hau, zer du berezia zuretzat?
Mendizale amorratua naiz, eta batez ere hemen bertakoa gustatzen zait. Pirinioetara ere joan izan naiz, baina ez gehiegi, nahiago ditut Iratiko basoa, hemengo pagadiak… berdea eta lokatza, hori da gehien gustatzen zaidana. Eta korrika zergatik? Alaba txikiena izan nuenean denbora gutxiago nuen mendira joateko, eta orduan hasi nintzen lasterka.
Ohartu nintzen hanka indartsuak nituela eta erresistentzian ongi moldatzen nintzela. Azken lasterketak 70 kilometro baino gehiagokoak izan dira, eta hurrengo egunetan ongi egoten nintzen. Askoz zailagoa egiten zait niri 12 kilometro ziztu bizian egitea, nahiago ditut distantzia luzeak, nire erritmoan.
Zorionez, kirol honetan ere, geroz eta emakume gehiago ikusten da, ezta?
Geroz eta gehiago dago, bai. Ni lasterketetan hasi nintzenean, oso neska gutxi ikusten zen, eta mendian bakarrik entrenatzen ere bai. Beti mutilekin lagunduta joaten ziren, eta zorionez, hori ere ari da aldatzen, behar baino gutxiago agian, baina bai. Egia da gaur egun oraindik mutilen mundua dela hau, eta norbaite Esaten badiozu gauetan edo goizetan bakarrik ibiltzen zarela entrenatzen esaten dizute: “Ez al dizu beldurrik ematen?”, eta hori gizonezkoei ez Zaie galdetzen. Baina tira, hori ere poliki-poliki aldatzen ari da, eta polita da neska bat bakarrik entrenatzen ikustea.
Mendi lasterketen munduan, batzuk iparra galtzen ari direnaren sentsazioa ere badu Muñozek. “Gaur egun, lasterketetan nutrizionistarekin eta entrenatzailearekin aritzen da jendea, badaude batzuk ez dakitenak lasterketa bat hiru gel hartu gabe egiten… nik esaten diet, platanoekin ere egin daiteke, eh?”, dio erdi-barrez. Nolabait, giro horretan mendizaletasuna galtzen ari dela sumatzen du, oso ‘pro’ bilakatu dela eta askok denborei gehiago begiratzen dietela mendiaz gozatzeari baino. Gauza gehiagoren artean, horregatik ere utzi ditu lasterketak Odietarrak. Orain, halako konpetentziarik gabeko martxak egiten jarraituko du.