Eusko Bazterraren hastapenak
“Ostitzen taberna eta jatetxea zuten gurasoek, eta handik inguru hauetako jende asko pasatzen zen: Ultzamakoak, Basaburukoak, Imozkoak, Baztan aldekoak... egunero entzuten nuen nik euskara. Eta, aldi berean, eskolan irakasle falangista nuen eta apaiza ere ildo berekoa zen”, gogoratzen du Elkanok. Gurasoenean bizi zuen euskal giroak eta Iruñeko Eskolapioetan kontatzen ziotenak ez zuten bat egiten, eta horregatik sentitzen zuen irakaslea eta apaiza beraiek engainatzen ari zirela. Horrela hasi zen berak bezalatsu pentsatzen zutenekin elkartzen eta mugitzen.
1966an Amigos del Pais elkartea sortu zuten Iruñean EAJren laguntzarekin. “Garai hartan etengabe zeuden Iruñean desfile militarrak, eta ikurrina batekin harrapatuz gero urteetako kartzela zigorra izanen zenuen”. Urtebete beranduago, 1967an, elkarte hartatik beste bat jaio zen: Eusko Bazterra.
Iruñeko katedraletik hurbil zuen egoitza elkarte berriak, eta segituan lortu zuen gazte askok haiekin bat egitea. “Eusko Bazterra sortu eta urtebete eskasera, 250-300 bat gazte geunden bertan: Iruñean geunden baina Euskal Herri osotik mugitzen ginen, eta gauzak egiteko gogo betez geunden”. Pintaketekin hasi ziren lehenik: “Arrotxapean, Irati eta Plazaola bideak batzen ziren inguru horretan biltzen genuen brea eta horrekin egiten genituen pintaketak, ezabatzeko oso zailak zirelako”, dio. 'Gora Euskadi askatuta' eta antzeko mezuz betetzen zituzten paretak. Horrez gain, euskal kultura bultzatzeko bestelako ekimenak ere antolatzen hasi ziren: euskara klaseak, txistu eta akordeoi ikastaroak, euskal dantzak, Aberri Egunak...
Ekintza ugari bi urteko ibilbidean
Eusko Bazterraren bi urteko jardunean anekdota eta istorio ugari bizi izan zituen Elkanok, arrisku handikoak horietako zenbait. Mugatik pasatzen zuten propaganda ilegaletik hasi eta Sanfermin egunean Irurtzungo Bi Ahizpetik zintzilikatu zuten ikurrina erraldoira, hamaika izan ziren egindako ekintzak. Horietako bat, 1967ko Aberri Egunean Iruñean egindakoa: eguerdian, Gaztelu Plaza bete-betea zegoela, suziri berezi batzuk airera bota eta horiek erortzean paraxut moduko sistemarekin airean gelditu ziren poliki-poliki jaisten, ikurrinak zintzilik zituztela, jendetzaren harridura eraginez. 1968an ere taldearen aktibitatea oso sutsua izan zen, etengabe egin zituzten ekintzak.
1968tik aurrera, gainera, ekintzetan pauso bat aurrera emateko erabakia hartu zuen taldeak: urte horretako maiatzean esaterako, Espainiako Txirrindularitza Itzulian, Zudairetik hurbil errepidea leherrarazi zuten eta etapa bertan behera uztera behartu. Horren ondoren, 69ko apirilean hainbat monumentu frankista leherrarazteko plana abiatu zuten. Ez zen dena nahi bezala aterako, dena den.
Jokin Artajo eta Alberto Asurmendiren istripua Ziaurrizko hilerri inguruan
Monumentu frankistak leherrarazteko plan horretan, 1969ko apirilaren 6an Alberto Asurmendi eta Jokin Artajo gazteek bizia galdu zuten ekintzarako lehergailuak manipulatzen ari zirela. Gure eskualdean gertatu zen leherketa, Ziaurrizko hilerri inguruan. Kokolo izan zen bi gazteak hilik topatu zituen lehen pertsona.
“1969ko aberri egunean izan zen: egun hartan ni gurasoen Ostizko taberna atarian nengoen eserita, eta bat-batean sekulako eztanda entzun zen. Autoa hartu eta eztandaren lekura joan nintzen segituan, Ziaurrizko hilerrira, Ostiztik kilometro eta erdi eskasera. Triskantza handi batekin egin nuen topo bertan: autoa txatarra bihurtua zegoen, oraindik kea botatzen zuen ni iritsi nintzenean, eta zatiak 50-60 metroko erradioan zeuden sakabanatuta. Ez nituen gazteak ezagutu, erabat kiskaliak zeudelako, baina autoa bai: lehenagotik beste ekintza batzuetarako erabilia genuelako. Eta suposatu nuen nortzuk izan zitezkeen”, kontatzen du Elkanok.
Bi gazteak bizirik zeuden ikustera hurbildu zitzaien baina inork ez erantzutean hilik zeudela pentsatu eta handik lehenbailehen alde egitea erabaki zuen Ostiztarrak. “Denbora zen atzetik geneuzkala, eta han topatu izan banindute eraman egingo ninduten”, dio.
Jokin Artajo momentuan bertan hil zen eta Alberto Asurmendi handik ordu gutxira, Iruñeko klinika batean. 25 urte zituen lehenak, eta 23 bigarrenak. Momentu hartan bukatu zen Eusko Bazterraren aktibitatea. “Eusko Bazterrako kideak izan ziren biak, baina egoitza ixtean EGIkoak izatera pasatuak ziren”, azaltzen du Elkanok.
Iaz izan zen bi gazteen heriotzatik 50. urteurrena, eta urtero bezala, omenaldia egin zieten Iruñean, bi gazteak lurperatuta dauden hilerrian. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak urtero jartzen dizkie oztopo eta zailtasunak, ordea, omenaldia egin ez dadin.