Udal Hauteskundeak

Juan Peñalver Hermida: “Kontzejurik gabe Udalak ez du zentzurik”

Amezti.eus 2019ko mai. 23a, 13:05

Odieta Martxan lehenengo aldiz aurkezten da eta Juan Peñalver da zerrendaburua. Hemen haien proiektua ezagutzeko egindako elkarrizketa. Kontzejuen lana babestuko du, besteak beste, taldeak.

Zer nabarmentzen duzue zuen programan?

Gure proiektu nagusia udaleko parte hartzea eta kudeaketa kontzejuek eramatean datza, kontzejurik gabe udalak ez baitu zentzurik. Udalak beharrezko baliabideak ditu eta kontzejuek aurkeztu behar dituzte ideiak, bizilagunen parte hartzea eta iritzia bultzatuz. Horrela, bailara kontzientzia sortzen da.

Demografiak behera egin du azken urteotan gure eskualdean, honi aurre egiteko neurririk jarriko al duzue martxan?

Proposatuko ditugun neurri nagusien artean, hurrengo hauek: etxebizitza lortzeko aukerak sortzea, zaharberritzea erraztea, etxebizitza kooperatibak bultzatzea, babestutako etxebizitzak sustatzea, eta baita alokatzeko diru-laguntzak ere. Despopulazioa eragiten duen arazo nagusia etxebizitza lortzekoarena dela pentsatzen baitugu. Hala ere, beste hainbat bide aztertuko ditugu.

Zein da euskararekiko zuen jarrera?

Euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko beharrezko baliabideak erabiliko ditugu. Halaber. Nafarroako eremu euskaldunean sartzea bilatuko dugu.