Pulunpeko edukiak

[ERREPORTAJEA] Lanzko meategia, Mendebaldeko Pirinioetako garrantzitsuena

Amezti.eus 2024ko abu. 12a, 11:00

80. hamarkadan itxi egin zuten aztertu zen lehenengo haitzuloa,baina, Lanzko udalaren eta zenbait adituren lanari esker, ikerketa berriz abiatu zen eta aurkikuntza harrigarriak egin dituzte azkeneko lau urteetan. Erromatarren garaian meategi garrantzitsua izan zela jakina zen, eta, orain, hipotesia da brontze aroan ere erabili zutela , hau da, duela 2.500 urte, gutxi gorabehera. Mendebaldeko Pirinioetako meategirik garrantzitsuena izan liteke. Udalaren laguntzarekin, bisita ederra egin dugu.

 

Vianako Printzeak koordinatzen ditu indusketa eta ikerketa lanak, baina, arkeologo, geologo eta espeleologo lan talde ederra ari da lanean. Guztia, Lanzko Udalaren elkarlanarekin. Hain zuzen ere, Lanzko udaleko Ruben Beuntzak gidatu gaitu meategiraino. Tokia izugarri ederra da, eta, begi arruntak erraz ikusten ez dituen arren, ongi begiratuz gero, ustiatu zuteneko aztarnak daude nonahi. Guk Ruben Beuntzaren begi zorrotzei esker ikusi ditugu: “Haitzuloetan bakarrik ez, kanpoan ere ustiatu zuten. Lubaki moduko batzuk sumatzen dira. Hala ere, gaur egun ez du garai hartan izanen zuen itxurarekin zerikusirik. Lanen ondorioz, zuhaitz eta landaredi gutxi ikusiko zen eta hautsa, nonahi. Hala esan ziguten adituek”, kostata imajinatu dezakegu.

Lan talde anitza

Txus Gartziarekin batera, Teresa Lacosta eta María Fernandez arkeologoak daude taldean; hirurak nafarrak, Fernandez Lantzen bizi da: “Herrian arkeologo bat izanda, nahi eta nahi ez taldean egon zedin izan zen nire nahia. Besteek ederki ulertu zuten”. Nafarroa Garaikoekin batera, Arrosako (Behe Nafarroa) Argitxu Beyrie eta Eric Kammenthaler eta Toulouseko Unibertsitateko Jean Marc Fabre arkeologoak ari dira. Eta, arkeologoekin batera, Arturo Hermoso de Mendoza Satorrak taldeko espeleologoak eta Eneko Iriarte eta Martin Arriolabengoa geologoek, Burgosko Unibertsitatekoa eta Euskal Herriko Unibertsitatekoa, osatzen dute aditu sorta.

Adituen talde horren ondoan dago, etengabe, Ruben Beuntza, eta nabari da berak ere besteen pasioa partekatzen duela: “Txus Gartzia arkeologoarekin etengabeko kontaktuan nago. Pasio izugarria erakusten du eta berarekin erraza da lan egitea”.

Ruben Beuntza: “Aierdi errekako alde osoari behar duen garrantzia eman behar zaiola uste dugu”.

Ikerketaren abiatzea

Meategia 70.hamarkadan ezagutu zen, orduan ikasi zen erromatarren garaikoa zela. 80.hamarkadan, ordea, Aierdi 3 haitzuloan egindako espoliazioaren ondorioz, hura itxi, eta ikerketa alde batera utzi zen. Lanzko udala ez zegoen ados kudeaketarekin, ordea, eta, besteak beste, haren bultzadari esker, abiatu dira berriro lanak: “Udala ez zegoen ados Aierdi 3 haitzuloari ematen ari zitzaion erabilerarekin. Itxi ondoren, eremu babestua izendatu zuten eta helburu didaktikoekin edo ikerketa-helburuekin bakarrik bisitatu zitekeen. Baina 40 urte baino gehiago itxita zeraman eta ez zen helburu hori betetzen”.

Horregatik, hainbat departamenturekin eta aditurekin jarri ziren harremanetan: Ingurumen Departamentuko Gune Babestuen sekzioarekin, Herri-lanen Departamentuarekin, Kultura eta Ondare Departamentuarekin, Juan Tomasekin (saguzarretan espezialista den biologoa), Arturo Hermoso de Mendoza espeleologoarekin eta Lantzen markatzen ibiltzen diren basozainekin: “Aierdi-3 haitzuloaren ate berean egin genuen bilera, eta haren eta errekaren aldean dauden barrunbeen iraganaz eta etorkizunaz hitz egin genuen. Izan ere, kezkatu egiten gintuen, Aierdi-3 bakarrik babestuz, beste guztien kontserbazioa ez ote genuen sakrifikatzen. Aierdi errekako alde osoari behar duen garrantzia eman behar zaiola uste dugu. Harrezkero, Vianako printzearekin lanean ari gara Aierdi errekaren ubide arkeologikoaren inbentario eta katalogazio lanetan”.

Espoliazioa

1988ko abuztuaren 15ean Frantziatik etorritako lau pertsona atxilotu zituzten Basajaun Etxea (Aierdi-3) kobazuloan estalagmitak eta estalaktitak lapurtzeagatik. Espoliatutako pieza guztiak, batzuk 50 zentimetrokoak, milioi eta erdi pezetetan baloratu ziren garaian. Eguerdiko 12:00etan Lanzko herritarrek abisua eman zioten Lanzko udalari(orduan, Jose Etxaide zen alkatea); turista batek, gainera, aragonito apurtuen arrastoak ikusi zituen haitzuloan; eta, horrela, Olagueko Guardia Zibilak atxilotu zituen materiala beraiekin zeramaten lau pertsona. Epaileak, baina, lau egunetara aske utzi zituen, Navarra Hoy egunkariko albistean irakurri daitekeen bezala.

Aurkikuntza harrigarriak

Hiru haitzulo aztertzen ari dira: Aierdi-8, Aierdi-3 eta Aierdi-4. Osotara, 4 kilometro baino gehiagoren topografia egin dute, eta, oraindik, galeria batzuk falta dira, oso sakonean daudelako edo harria txikitu behar delako. Guztietan izan dira aurkikuntza harrigarriak, eta, beharbada, egonen dira gehiago, haitzuloetako batean galeria multzo bat baitago oraindik esploratu ez dena eta egun ezagutzen den topografia bikoiztuko lukeena.

 

  • Aierdi-3: Agian ez da ikusgarriena, baina berebiziko garrantzia du Aierdi-3n aurkitu zuten zeramika puskak. Ruben Beuntzari Txus Gartziak deitu zion berehala: “Esan zidanean, pentsatu nuen, zeramika zati bat? Hori ez da izaten hainbesterako ezta?”. Brontze Aroko zeramika puska bat zen, ordea, eta, horrek esan nahi du, gehiena erromatarren garaian ustiatu bazen ere, lanak Brontze Aroan hasiko zirela, hau da, k.a 3.300etik k.a 1.200era bitartean. Kasu honetan, duela 2.500 urteko zeramika dela uste da.

 

  • Aierdi-8: Lanei berriz ere heldu zitzaienean, Aierdi 8 kobazuloarekin hasi ziren. Bertan, inskripzio bat aurkitu dute: IKAE. Iberieraz egindako inskripzio bat omen da, baina ez dakite bere esanahia. Bartzelonako Unibertsitateko Latin hizkuntzako Javier Velez filologo katedradunari galdetu diote eta lau letra besterik ez direnez ezin omen da jakin esanahia, baina iberiarren garaian alfabetizazioa uste duguna baina zabalduagoa zegoela adierazi zien.

 

  • Aierdi-4: Bukatzeko, Aierdi-4 haitzuloa dugu. Hemen, mailu bat dugu agertu diren objektu ikusgarrienen artean, bere ezaugarriak dituen bakarra baita penintsula osoan. Gainera, larru puska bat eta ehun zati batzuk aurkitu dituzte.