Non ikasi huen euskaraz?
Etxean, gurasoekin. Gero ikastolan.
Orain 60 urte sortua. Iruñeko lehen ikastola estreinatu zuen, San Jose Plazan, Katedralaren ondoan izan zena urte bakar batzuez tokiz aldatu artio.
Eta Lehen Hezkuntza bukatu ikastolan eta ondoren?
Ondoren Elizondon, tornulari eta fresatzaile ikasketak egin nituen.
Bukatu eta lanera.
Ez, ez, Kordobara, soldaduska egitera. Handik itzuli ondoren lanera, bi enpresetan, ikasitako lanetan hiru urtez.
Eta lan berri batera salto.
Bai, hala izan zen, SEURa, garraio enpresara, eta bertan 16 urte egin nituen. Lehenik Erribera aldera, kamioarekin, egunero 400 kilometro eginez, eta ondoren ofizinetan enkargatu; 30 lagun izan nituen nire kargu. Goizean goiz hasi eta ilundu artio lanean, buruhauste frankorekin, nazkatu artio. Eta uztea erabaki nuen.
Eta nola izan huen Lantza etortzea? Ahaideren bat edo ba al huen hemen?
Ahaiderik? Ez, ez. Ia-ia ezagutu ere ez nuen egiten Lantz. Adiskide bat banuen Gaskuen eta astero bertan biltzen ginen musean aritzeko eta afaltzeko lagunartean. Eta han ezagutu nuen Goltxipo, Jesus Narrica, Lanzko Goltxipenekoa. Eta erdi brometan hasi ginen hizketan, ostalaririk gabe zeudela eta horrela. Erdi brometan, hau eta beste, ostatu ona zela…..eta berotu eta: Zergatik ez egin proba?
Eta Lantza, ostatu kontu hori nola zen ikastera.
Bai alkatearengana hizketatzera joan eta animatu ginen. Ni eta Julio Cuadrado sartu ginen. Domingo Saratsibar, Urdiñenekoa, zen alkate, eta honek ere oso ongi hartu gintuen. Ondoren ere, gu laguntzeko beti prest azaldu zen. Domingo oso ongi portatu zen. Eta jendea ere bai. Jendea oso jatorra da Lantzen. Eta horrela egin ditut 22 urte.
Noiz etorri zineten?
Bi mila eta batean. Ihoteak pasa ondoren etorri ginen. Hogeita bi urte oso-osoak egin ditut. Lehen bost urteak Juliorekin egin nituen. Eta hurrengo sozioarekin, Kike Zamarbiderekin, 10 urte. Azkeneko zazpi urteak bakarrik egin ditut.
"Iruñetik etorrita lehenbizi nabaritu nuen aldaketa isiltasuna izan zen, lotara joaterakoan entzuten den isiltasuna"
Lantz, herri ttiki bat. Iruñetik aldaketa ederra.
Bai, lehenbiziko nabaritzen duzuna isiltasuna da, lotara joan eta “entzuten” den isiltasuna.
Herritarrak “normalak”, bakoitza bere lanera, behiekin, ardiekin… Hemengo jendea lagunkoia eta prestua da. Benetakoak dira.
Errentarik ordaintzen zenuten?
Bai, bai, lehenbiziko hiru hilabetean ez, proba egiteko, eta laugarren hilabetetik aitzina errenta jarri ziguten.
Ordutegia jarri zizuten?
Bai, hasieran egun osoa, gero, ikusirik goizez ez genuela inor izaten, herriarekin ados jarri eta ordutegia berria jarri genuen. Nolanahi gisa, bertan bizi ginenez, behar zen guzietan prest izaten ginen jendeari harrera egiteko.
Herriko ostatuek gehienetan izaten dute lur muturren bat, baratzaren bat. Zuek ere bazenuten?
Bai, baratza izan dugu beti, eta ederra gainera. Betetzen lana! Dena dela, herritarren bat beti laguntzeko izaten genuen. Hala ere, azken urteetan, bakarrik gelditzean, ez dut baratzik landu izan.
Pello, orain ostatua nola zegok, hobeki edo okerrago.
Hobeki, hobeki, dena obratua dago orain, lanerako errazago eta oso poliki jarria dago. Goitian badu jangela eta sukaldea. Baina normalean, beheitiko sukaldea eta jangela ibiltzen dira. Bai goitiko instalazioak eta bai beheitikoak, gu joan ondoren atonduak izan ziren. 2008an edo 2009an egin ziren berritze lan hauek guziak.
Baduzu kontatu daitekeen ostatuko anekdotaren bat?
Sartu ginenean hala esan ziguten udalekoek: “ostatuan gertatzen den guzia, ostatuan bertan gelditu behar du” Eta horrela beharko du orain ere.
Ihoteak
Xarma handiko herria da Lantz. Eta nahiz ttikia izan, gure alderdirako handia da. Herri interesgarria, historia handikoa, baina zerbaitengatik entzuna baldin bada, bere ihoteengatik da ezaguna.
Eta ihoteetan zer moduz?
Ihoteetarako prestatu behar eta aurreko maistarra, Angel Cabañas, etorri zitzaigun zer behar genuen, zenbat kamarero, nola prestatu behar genuen etxea… dena azaltzera. Eta horrela ekin genion gure lehen ihoteei.
"Lanzko ihoteetan goizeko hamarretan hasi eta hurrengo eguneko zazpietan bukatzen da eguna"
Ihoteetan kamarero gehiago beharko zenuten.
Bai, bai. Azkeneko ihotetan 15 lagun kontratu beharra izan nuen. Jakina, txandak egin behar izaten dira, badakizu, hori hasten da goizeko hamarretan eta hurrengo eguneko zazpietan bukatzen da. Horrela hiru egunez. Batzuk goizez. Bazkal ondoren beste batzuk eta afal ondoren beste batzuk.
Ihote ezagunak. Asko famatzen dituzte. Zer deritzok Pello?
Duten fama ongi merezia dutela. Basaburua aldetik eta jendea joan beharko luke ezagutzera. Merezi dute. Zoazte, zoazte Lantza, ihotetan. Eta ihotez kanpo ere herria dotorea da.