Gure eskualdean ezagutu ditugun lehenengo kasuak dira, hirurak familia berekoak, Lantz herrian. Tamalez, bi pertsona, 79 eta 90 urtekoak, hil egin dira.
Nafarroan, gaur goizean eguneratu ditu datuak gobernuak, eta gora jarraitzen dute: 1641 positibo dira guztira eta 58 hildako. Ospitaleratutako pazienteak 732 dira, horietatik 75 Zaintza Intentsiboko Unitatean, eta 909 etxeko zaintzapean. Alta jaso dutenak, berriz, 70 dira. Nafarroako Gobernuko webgunean aurkitu ditzakezue datuak, eguneratuak, eta informazio guztia: https://www.navarra.es/eu/web/coronavirus/egungo-egoera.
Gogoratu, koronabirusaren hedapenak eragindako krisialdi honetan alarma egoeran gaudela, Espainiako Gobernuak hala ezarrita. Aste honetan beteko ditugu lehenengo 15 egunak eta 15 egun gehiagoz luzatu du alarma egoera Espainiako Kongresuak, apirilaren 11a arte.
Gogoratu ere, koronabirusa sahiesteko neurriak: eskuak maiz garbitu, doministiku egiterakoan estali ahoa besaurrearekin edo mukizapi bat (gero zakarrontzira bota mukizapia).
Bestalde, sukarra, eztula edo arnas egiteko zailtasunak dira koronabirusaren sintoma nagusiak. Horiek baldin badituzu geratu etxean eta deitu osasun zentrora (Larraintzarkoa: 948 30 93 50). Ordutegiz kanpo bada, deitu Osasun Aholkurako Zerbitzura 948 290 290. Premiazko arreta behar baduzu, ordea, 112 telefonora. Informazio guztia: https://www.navarra.es/eu/web/coronavirus/gomendioak