Pestak ostiralean hasiko dira, 18:00etan jaurtiko duten suziriarekin. Baina ekimenak antolatu dituzte ostegunarekin ere, abuztuaren 27an 18:00etan hankapaluak antolatu baitituzte eta ohikoa bihurtu den eta adin guztietako herritarrak biltzen dituen dantza ikastaroa. Egun horretan afaria autogestionatua izanen da eta ondoren zinema jarriko dute plazan.
Baina, esan bezala, ostiralean izanen da txupinazoa eta gaueko ordu txikiak arte iraungo du pesta. Xake eta patata tortilla txapelketak izanen dira eta umeendako txokoa.
Ondoren, bai larunbatean baita igandean ere auzolanean plaza garbituz hasiko da eguna. Eta ondoren etorriko dira ongi pasatzeko ekimen guztiak. Larunbatean mozorratutako abiadura erronka eta herri bazkaria bertsolariekin nabarmenduko ditugu. Uxue Alberdi eta Julio Soto arduratuko dira bazkalondoan bertsoak botatzeaz. Igandean txapela jaurtiketaren bigarren edizioa azpimarratu dezakegu eta musika, Pantxo Balbuenaren mexikarrekin.
Baina ikusi egitaraua osorik:

Auzolana: herritarrek antolatu
Gure eskualdeko herrietan beti izan da ohitura gauzak auzolanean antolatzea eta egitea eta Etxalekun mantentzen dute hori. Aipatu dugu pestetan bertan goizero plaza garbitzeko auzolana egiten dutela, baina, gainera, abuztuaren 22an ere, larunbatarekin, urteko auzolana egin dute herria sakonean garbitzeko. 9:00etan hasi zirn eta ondoren hamaiketakoa egin zuten Biltokian.
Asteazkenean, abuztuaren 26an, pesten bezperan, karpa muntatzeko deialdia ere egin dute, 17:30ean.
