Festa ofizialei larunbatean emanen diete hasiera Imozko Latasan, baina bezperan, ostiral gauean, haurrendako zinema izanen da Latasako frontoian, gaueko 22:00etan.
Abuztuaren 8an, larunbatarekin, goizeko 10:30ean hasiko dira ekimenak, gizonezkoen esku pilota partiduekin. 11:00tan puzgarriak izanen dira, eta eguerdiko 14:30ean, herri bazkaria. Arratsaldean, 16:00etan partxis eta 17:30ean mus txapelketak izanen dira, eta 18:00etan, haur jokoak. Iluntzeko 20:00etan bingoa eta DJ C eta karaokearekin dantzaldia hasiko dira, eta gaueko 22:00etan, berriz, paella herrikoia eginen dute. Gaua parrandan egiten dutenendako, goizeko 5:00etan txistorra eta xingarra izanen dira.
Igandean, abuztuaren 9an, 12:00etan Ados pilota klubeko emakumezkoen esku pilota partidak izanen dira (Aldaregia eta Mendiburu Barrokal eta Agirreren kontra). Ondoren, 13:00etan aperitibo musikatua izanen da. Arratsaldean, berriz, 17:00etan partxis eta 17:30ean mus txapelketako finalak jokatuko dituzte, eta 19:00etan txokolatada eta bizkotxoa izanen dira. 19:30ean bingoa eginen dute bezperan bezala, eta festei bukaera gaueko 23:00etan emanen diote.
