Pulunpeko edukiak

[ELKARRIZKETA] Imozko euskara tradizionala nola aldatzen ari den aztertu du Alazne Fernandez de Muniainek

Amezti.eus 2024ko abu. 1a, 14:11

Ahozkotasuna lantzea xede duen Euskaltzaindiko Mintzola egitasmoak sei lan saritu zituen 2023an, besteak beste, Alazne Fernandez de Muniain erasoarraren Adinaren araberako bariazio lexikoa Imozko hizkeran: inkesta linguistikoak. Lan hori, saritutako beste bostekin batera, ‘Euskera’ ikerketa aldizkarian argitaratu dute. Fernandez de Muniainek bere ikerketa eta ikerketaren artikulua herritarren esku utzi du, Imozko Udalarekin elkarlanean. 242. Pulunpen argitaratu genuen elkarrizketa. Hemen, osorik eta eguneratua duzue.

Euskera aldizkaria paperean eta euskarri informatikoan argitaratzen da, eta, Euskaltzaindiaren webgunean aurkitu daiteke. Urtean bitan argitaratzen den aldizkariak akademiaren lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak eta liburu-aipamenak jasotzen ditu.

 

 

Bertan argitaratu den Imozko euskararen bariazio lexikoaren gaineko lanaren kopia bat Imozko udaletxean ere eskatu dezake interesa duen edonork: Master Amaierako Lan (MAL) mamitsuaren kopia edo artikulu laburra. Posta elektroniko bidez eskatzen ahal da (udala@imotz.eus) edo 948 50 33 64 telefonora deituz. Izan ere, Fernandez de Muniainen nahia da bildutako informazioa herritarren eskura jartzea.

 

Lan honek hiru belaunaldiren artean dagoen hizkuntza-aldakortasuna erakusten du, eta lexikoa izan du aztergai. 60ko eta 80ko hamarkadetan egin ziren hainbat inkestako datuak erauziz, eta Alazne Fernandez de Muniainek berak osaturiko galdeketa egungo hiztunei pasaraziz: “duela mende erditsuko corpus bat aztertu eta neronek erdietsitako lagin baten artean konparazio lana egin dut. Lan hau jakin-min hutsez sortu zen”.

 

Jakin-min hutsez sortu da lan hau”

 

  • Oker ez banago, lau fasetan osatu zenuen ikerketa. Nola izan da prozesua?

 

Lehenbiziko urratsean, XX. mendeko hiru lan interesgarri eta mardul aztertu nituen: Etxaideren El euskera en Navarra, encuestas linguisticas; Pagolaren Euskal fonetika Nafarroan; eta Uharte Lergaren Estudio del léxico de la casa en los dialectos vascos de Navarra. Zergatik lan horiek? Etxalekuko, Muskizko eta Goldarazko hainbat hitzen eta aldaeraren formak jasotzen dituztelako. Ondorean, lehen fase horretan interesatu zaizkidan hitzak hautatuz nire galdetegi propioa prestatu nuen. Ondotik, Imozko zortzi hiztun dialektodun hautatu nituen, arestiko herrietakoak. Pena, Muskitzen ez bainuen gazterik opatu eta adineko bakarra dugu! Etxalekun hiru hiztun ditugu, horietako bat gaztea eta besteak adinekoak. Eta Goldaratzen, bi eta bi: bi gazte eta bi adineko. Azken fasea datuak digitalizatzea eta lana teorizatzea izan zen, bulego lana eta ordu aunitz pantailaren aurrean!

 

  • Hiru belaunaldi aztertu dituzu, beraz, bata 60. eta 80. hamarkadetan egin ziren inkestak aztertuz, eta beste bi belaunaldi zuk zerorrek egindako elkarrizketetan.

 

Hori da, hiru belaunaldi, osotara. Lehendabiziko belaunaldia joan den mendekoa da, 60ko eta 80ko hamarkadetako jendea; denak hilik daude, bidenabar esanda; eta, ondoren, hiztun garaikideak: gazteak eta adinekoak. Nire ikerketan azterturiko hizkuntz aldagaia lexikoa izan da, hau da, hitz-sorta bat; eta aldagai soziala, adina, hiru belaunaldi, esan bezala.

 

  • Eta bestelako iturriak ere izan dituzu beti ondoan, Amaia Apalauza imoztarraren lana, esate baterako.

 

Bai, Amaia Apalauza behin baino gehiagotan ageri da. Imozko euskara liburua argitaratu zuenetik, behin esan nion bezala, goatze ondoko mesillan daukat, maiz begiratzen dudan liburua baita. Berak piztu zidan, hain zuzen ere, Imozko euskararen inguruko jakin-mina. Ni ikastoleroa naiz, eskolan euskaldundua, eta Amaia Apalauzak bide eman zidan bizi naizen eremuko hizkera hobeki ezagutzeko eta gehiago jakiteko gogoa pizteko. Bere tesia ere oinarri izan dut nire ikerketan, dudarik ez dago. Apalauzaz gain, hamaika iturri kontsultatu ditut, aurrez aurrekoak ere bai! Adibidez, Sagrario Aleman, Etxalekukoa; Euskal Herri Hizkeren Atlasa, hamaika hizkuntzalari, adibidez, Iñaki Camino eta Koldo Zuazo... Bibliografia luzea da, luzeegia beharbada (irriak).

 

  • Goazen lanaren xehetasunekin eta emaitzekin, hainbat gauza ondorioztatu baitituzu...

 

Nik ez dut deus deskubritu, baina lehenik eta behin esanen dut, eta ez da atzo goizeko kontua, Imozko euskarak galbidean daudela. Basaburuan ere bai, Ultzaman ere kinka larrian daude, azken hiztunekin lanean ari baitira. Hau da, gure eskualdeko euskarak galzorian daudela esan daiteke. Euskara tradizionalez ari gara betiere, hau da, berriki arte genituen hizkerez. Joan den mendeko inkestek erakusten dute, beharbada, gure eskualdeko hizkera osasun aldetik ongi zegoela garai hartan. Geroztik, hainbat faktorek (gaztelania, euskara batua edo nagusitu den euskara estandarra) euskararen indargabetzea ekarri dute, eta euskararen eraldatzea. Imozko hizkera dialektala eraldatzen ari da. Nahiz eta argi izan behar dugun edozein hizkera beti eraldatuz joan (eta joanen) dela! Hizkuntzak eta hizkerak ez direlako monolitikoak, aldatuz doaz beti, bestenaz hilik dauden seinale da.

 

“Gure eskualdeko euskara tradizionalak galbidean daude”

 

  • Euskara batuaren eragina handia dela ere baieztatu duzu. Nolakoa da eragin hori?

 

Euskara batuak mende erdi inguru dauka. Joan den mendeko inkestetan ez zegoen, jakina, euskara batuaren arrastorik, hizkera tradizionalaren adibideak ditugu. Hiztun garaikideei bildutako adibideek, berriz, erakusten dute adineko batzuk ere, nahi gabe, hartu dutela euskara estandarraren eragina zenbait kasutan; baina, horien aldean, gazteek erakutsi dute euskara estandarreranzko joerarik nabarmenena. Nolanahi ere, argi utzi nahi dut lan honetan nire hipotesi bat ez dela bete: nik espero nuen gazteak franko gehiago lerratuko zirela euskara batura, eta ez da horrela izan. Kontuan hartu dezagun, hala ere, hiztunok dialektodunak direla, hau da, Imotzen oasitxo bat, herri gehienetan euskara batua eta estandarra izaten baita jaun eta jabe den euskara mota. Euskara estandarra gizartean gailendu den eredu nagusia da eta hori Hegoaldeko euskaran oinarritzen dela defenditzen dut, eskoletan erakusten diguten eredua, komunikabideetan nagusi den eredua, eta hein handi batean gipuzkera edo erdialdeko euskara. Horixe da nagusia, hori da estandarra, nonahi hori hartzen dugu hiztunok, entzuleok… eta desoreka bat gertatzen ari da tokiko hizkera txikien kaltetan.

 

  • Lehenago aipatu duzu, uste baino gutxiago lerratu direla gazteak euskara batura, zure hipotesi bat ez dela bete...

 

Hori da. Bete ez zen hipotesi bakarra (irriak). 25 hitz kaltebera-edo hautatu nituen, hau da, nire ustez eraldatuak izateko aukera handiak zituztenak. Adibidez, nik pentsatzen nuen euskara estandarrean nagusi den ezer hitza gazteek bereganatua izanen zutela eta gure deus hitzarekin ordeztua; eta ez da horrela izan; espero nuen jolastu hitza nabarmenduko zela, gurea jostatu denean, eta gure hizkera tradizionalean eman zidaten, ordea. Lapurtu espero nuen baina ebatsi esan zidaten; trumoia espero nuen eta ortotsa esan zuten. Baten bat eraldatu bazuten ere, nire hipotesi hori ez zen bete, gutxi batzuk besterik ez baitzituzten eraldatu. Behintzat inkesta zurrun honetan, eta hori ere kontuan hartu dezagun: elkarrizketatua izatea ez da egoera naturala hiztunarendako. Azkenik, argi utzi nahi nuke hau estimazio bat dela, adibide xume bat, hemen ez dago egia biribilik edo errealitate absoluturik.

 

Desoreka gertatzen ari da tokiko hizkera txikien kaltetan”

 

  • Gazteleraren eragina, noski, bada beste elementu bat. Hemen zer esan dezakegu?

 

Gazteei dagokienez, ikusi dut zenbait hitz zaharkituta gelditu direla. Hau da, gaur egun erabiltzen ez diren hitzen euskal baliokidea ez zekitela. Beren egunerokoaren parte ez direnez, gaztelera hutsean erantzun didate: vajille, karpinteroa, mareatuik, pantorrille... Haien nagusiek euskal ordaina ezagutzen zuten, nahiz eta hitz asko ahanzturara kondenaturik dauden, ez ditugulako ibiltzen: orantza (‘levadura’), adibidez. Hain zuzen ere, adinduen artean oroitu dira baina askotan onartu dute ez dituztela ibiltzen eta zenbaitetan gaztelaniara ere jo dute. Azken finean, gaur egungo nagusiek eskola frankistan ikasi zuten eta horrek nahitaez erdaldundu zituen, nahiz eta gero euskaraz bizi izan diren. Horren adibide dira hilabeteen izenak: eneroa, febreroa... Joan den mendeko hiztunek, berriz, tokiko forma emanez erantzun zuten: izotzille, otsalle… Bestalde, ez dezagun atzendu, hala ere, gure eremu honetako euskarak badituela aspaldixkotik gaztelaniazko maileguak: karakola, kuartoa, desayunoa, primabera...

 

  • Eskola frankistak hitzen erdalduntzean izan zuen eragina aipatu duzu. Gaur, euskara estandarrari esker, euskal forma batzuk itzultzen ari direla ere ikusi duzu.

 

Bai, adibidez, joan den mendeko hiztunek eraztune erantzun zuten; gaur egungo adinekoek anilloa erantzun dute; eta, gazteren batek eaztune erantzun du berriz ere. Interesgarria da, gazteek eskolan hartutako forma delako, hiztun gazte honen etxekoek anilloa erantzun dutelako, baina berak eaztune. Orduan, nolabait ere zenbait hitzen biziberritzea ere zor zaio euskara batuari.

 

  • Lan honen xedea, artikuluan diozun bezala, “belaunaldien arteko aldaera lexikalei begiratu” eta “hizkuntza nora mugitzen ari den” ikustea litzateke. Zer etorkizun ikusten diozu Imozko euskarari?

 

Imozko euskara tradizionalari? Orain arte ezagutzen genuen moldean? Etorkizun grisantxa. Baina orokorrean euskarari, ezta? Badakigu zein den euskararen egoera gure eskualdean. Nire ustez, Imozko euskara, biziraunen duen euskara, batuagotuz eta estandarizatuz joanen da gero eta gehiago, eta horrela bakarra biziraunen du, nire uste apalean. Azkenean, indarrean den eta nagusi den eredua gailenduko da, munduan globalizazioaren fenomenoa bezala.

 

Imotzen ere, esan eta erran aldaerak

 

Gaur egun esan nagusitu bada ere, oraindik ere erran aditu daiteke Muskitzen, eta berriki arte halaxe zen Oskotzen ere. Indargabetuz joan den aldaera da erran, euskara estandarrak bulkatuta. Gainerako Imotzen, esan erabiltzen da. Imotzen hiru eremu linguistiko bereizten ahal ditugu:

 

1. Ekialdean, Muskitz: Muskizko hizkera tradizionalak Ultzamaldeko hizkerekin bat egiten du, bai lexiko aldetik, bai ahoskera osatuagoa den aldetik, bai eta azentu aldetik ere. Ipar-ekialdeko hizkeren isuria hartzen du: adibidez, bagoa zen duela gutxi arte Muskitzen, eta gainerako Imotzen pagoa.

 

2. Beste muturrean, Goldaratz: Oso-oso sano mantendu den euskara da, batetik gain hartan dagoelako, eta bestetik Larraundik eta Basaburutik hurbilago dagoelako; hau da, osasun aldetik hobekiago mantendu diren euskarak hurbilxko dituelako. Larraun aldera hurbiltzen da zenbait gauzatan, lexikoan batez ere: adibidez, Goldaratzen ganbara baina gainerako Imotzen sabaia.

 

3. Tartean, gainerako herriak, hala nola Etxaleku: Etxalekuk Goldaratzaino eta Basaburuan barna zabaltzen den azentua du. Imotz eta Basaburua gehienak hartzen dutena. Bi ibarrotan tarteko hizkera dugula zehaztu zuen Zuazok, euskara nafarraren eta erdialdekoaren artekoa.

 

 

Imozko euskararen bariazio lexikoaren gaineko lanaren kopia bat Imozko udaletxean eskatu daiteke. Posta elektroniko bidez eskatzen ahal da (udala@imotz.eus) edo 948 50 33 64 telefonora deituz.