Imozko eguna, bihar, Urritzan

Amezti.eus 2023ko ira. 22a, 13:38

Urtero bezala, herritarrak batu nahi dituen Imozko eguna izanen da bihar. Aurten, Urritzan, eta egitarau ederra antolatu dute.

Goizeko 11:00etan emanen diote hasiera ekimenei, bertako abeltzainen eta artisauen erakustaldiarekin. Eta, bazkalaurretik, Jazztatu! Omen kolektiboaren Dardar proiektuaren jazz kontzertua. Esan Erran irratiak antolatutako ekimena da hori, 25. urteurrenaren harira.

Hori guztia gutxi balitz, afalordura arte ekimen ugari izanen dituzte Urritzan: Pituxa klown kontari, txikiendako eko jolasak, Luzianorekin musika, txapela jaurtiketa, Biltegiak prestatuko duen pizza afaria, eta puzgarriak egonen dira egun osoan!

Gauean, gainera, pesta luzatu nahi duenarendako, DJ Hannibal selecterrek musika jarriko du.

Jazztatu

Aipatu bezala, Esan Erran irratiak 25 urte beteko ditu aurten, eta hainbat ekimen antolatu ditu ospatzeko. Tartean Omen kolektiboaren Dardar proiektuaren emanaldia: Jazztatu!

Hiru kontzertu eskainiko dituzte, bata Larraintzarren, bigarrena Aizarotzen eta azkenekoa Urritzan, 13:45ean, bazkalaurretik.