Erasoko festak ospatuko dira ostiraletik igandera

Amezti.eus 2023ko abuztuaren 16a

Abuztuaren 18tik 20ra izanen dira aurten Erasoko festak, eta egitarau ederra prestatu dute herritarrek asteburu osorako. Ostiralean, herri krossaren VII. edizioarekin emanen diete hasiera festei.

Iluntzean, 21:30ean izanen da suziria eta herriko musikariekin kalejira izanen da segidan. 22:00etan, afari herrikoia eginen dute, eta afalondoan, 'Eraso Kantuz' izanen da, Mikel Kinterok alaiturik. 00:00etan dantzaldia izanen da Kinterorekin, eta gaua amaitzeko, goizeko 5:00etan DJ Txoki izanen da.

Larunbatean, abuztuaren 19an, 11:00etan hasiko da eguna dianekin, eta 13:00etan, patata tortilla txapelketa izanen da. Arratsaldean, berriz, 18:00etan mozorro-erronda eginen dute Barriobeitin, eta 22:30ean afaria izanen da. Afarian izena emateko epea abuztuaren 16an izanen da, 622 539 983 telefonoan. Afalondoan, 00:30ean Alarma Morea taldearen kontzertua izanen da, 'errunba flamenko feminista', taldeak deskribatzen duenez. 02:00etan DJ Hannibal Selecter ariko da, eta 05:00etan, berriz, DJ Txoki.

Igandean, abuztuaren 20an, berriz ere dianekin emanen zaio egunari hasiera, 11:00etan. 12:30ean pilota partidak eta txistor-jatea izanen da. Arratsaldean, berriz, haurrendako jokoak izanen dira plazan. 19:00etan txokolate-jatea eginen dute eta 19:30ean Kinterorekin dantzaldia izanen dira.

Ekimen horiez guztiez gain, haurrendako puzgarriak ere asteburu osoan egonen dira.

https://amezti.tok-md.com/argazkiak/NRH/Eraso_kartela.jpeg